inprimatu
Nere suerte ona
Izenburua:
Nere suerte ona
Sinadura:
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Panpilli

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1983
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1697.zk.
Orrialdea:
5

Nere suerte ona

 

Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)

 

 1

 

 Kantu bat kantatzera hemen naiz abian

 Suerte bat ukanik igan egunian

 Hiru apezekilan jarri mahainian

 Gonbidatuak ginen bazkari batian.

 

 2

 

 Aspaldi du naizela mundura sortua

 Adin haundi batera orai naiz heldua

 Nahiz aspaldi dudan lana kitatua

 Mahainean arras ona dut apetitua.

 

 3

 

 Girixtino ninduten aita-amek altxatu

 Apezentza izan dut ainitz errespetu

 Suherte frango ere denboran izatu

 Apezekin ez nuen behin ere bazkaldu.

 

 4

 

 Ainitz ona ginuen gure bazkaria

 Antzara gibel eta gero arrainkia

 Errakia gizenik, bildotx, axuria

 Sotoko arno ona xuri ta gorria.

 

 5

 

 Gasna zaharra eta ondotik pastiza

 Kafe eta ondokua denak zetzan pusa

 Konpainiako gizon xarmanta apeza

 Jaten ta solasean ikasia ontsa.

 

 6

 

 Erretora gidari ta bi bikario

 Hoik ere mahain ona ez dute hastio

 Etxeko-andriari inez zonbait laudorio

 Jan edan egin dugu ongi ase artio.

 

 7

 

 Gero eleka gare apur bat egonak

 Uste gabean dauku kurritu orenak

 Apez horiek dira ainitz jakintsunak

 Nehork ustegabian badazkite denak.

 

 8

 

 Denen buru hau nuen nik erran nahia

 Gauza onetan laster artzen da usaia

 Berritz gonbidatzeko bazinu ideia

 Gostuz eginen dugu guk horrat piaia.

 

 9

 

 Gosea mahainian behar baita ase

 Ardura mahainera etortzen berritze

 Lan guzietan berdin beti berritz haste

 Jainkoak nahi badu bertzaldi bat arte.


inprimatu