Ezponda-ri
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Agur eta ohore zuri jaun Esponda
Kantu hauen medioz baneza hoi lauda
Xarmanki horrek daki pertsua nun molda
Horren gainean dago geroko segida.
2
Petsutan agerturik orai du bortz urte
Geroztik hunat egin horrek ainitz bide
Talendu haundi dela dudarik ez daite
Haundi ere kuraia eta borondate.
3
Gizon xarmanta eta arpegia arrai
Irria ezpainetan izanike nunai
Airoski baderama horrek sujet zernai
Beti hobekiago ere luke inai.
4
Pertsuko dohaina gazterik zuela
Pertsulari hoi gabe ezin da niola
Han ta hemen aizanez trebetu da nola
Xalbadorrek artetan eginez eskola.
5
Leku xarmanta dago gain hortan Garazi
Gizon haundiak ditu horrek beti hazi
Euskara zuelakotz lehenik ikasi
Euskal-herriarentzat geroztik da bizi.
6
Talendua, kuraia ta borondatia
Zahar ohidureri ainitz atxikia
Beti omore ona maite konpainia.
Mainean jarri eta langile garbia.
7
Batean eskas eta bertzean sobera
Munduan beti dugu zerbait errengura
Lehen zaharretarik entzun dut ardura
Gazten gainean dela geroko mentura.
8
Xalbador eta Mattin., Zubikoa,. Xanpun
Ainciart ta Esponda maiz ditugu entzun
Desira hau nik hemen eginen dut egun
Gazte zenbait atera daitzin hoien lagun.
9
Zenbait sortzen direla beteak dohainez
Bainan nehor ez eldu mundura jakinez
Denetan trebetzen da segura aizanez
Ez da erraitekorik ahala eginez.
10
Pertsutan kantatzeko Euskal-herria
Gero ere beharko da pertsularia
Zenbait jaliko dela dut nahikeria
Biba Esponda eta atzar gazteria.