Errechil
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Jaun Errechil hil dela Urrugna Olhetan,
Bi Bihotz-minekin dugu ikasi berritan;
Berri triste hori da edatu denetan,
Ahaide ezagunak ezarriz penetan.
2
Gizon gazte zelarik, kolpez Espagnian
Gerla hasi baitzuten elgarren artian,
Frantziara jina zen bizi nahiz bakian,
Herrarikan ez baitzen horren bihotzian.
3
Arpegi onekua, gozo bezen guri,
Bethi omore ona, aise iten irri:
Bihotz ona zuela aise zen ageri,
Bethi prest ezartzeko denen zerbitzari.
4
Gorputz ederrekua, zer gizon azkarra!
Ezin negurtua zen jaun horren indarra.
Aita familiako on bezen suharra,
Fede onez hazi du famila ederra.
5
Gizon azkarra bezen langile abila,
Nausi ta lagunentza prestu ta umila;
Istan guziez kantuz choria bezala,
Segur emanik badu zombeit charamela!
6
Jainkoak eman Zion pertsuko dohaina,
Gorputz eder batian ainitz bihotz ona
Famila hazteko arrubian lana,
Orai agian badu zeruan Domena.
7
Eskualdun sortu eta Eskualdun behar da;
Bethi Eskualdun garbi Errechil egon da.
Behar laiten pertsurik nik ez diot molda.
Aski ele suharrik ene baitan ez da.
8
Bate pentsatu gabe, laster eta ichil,
Gu artean ardura herioa dabil.
Zu jarria baitzare Jainkoari urbil,
Agian ikus arte zeruan, Errechil!