Bikari jeneral zena
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
1
Dolumin bat kantatzen hemen naiz hasiko
Beira egon naiz norbait ote zen ariko
Artzain haundi bat dugu galdu sekulako
Haren oroitzapena ez da ahantziko.
2
Malur haundi bat zaiku gu gainera jautsi
Bihotza doloretan deneri du utzi
Oraino ezin dirot egia sinetsi
Kolpez itzali dela Hiriart-Urruty.
3
Apez arraroa zen, Hazparnen sortua
Hazketa kartieran Abitunekoa
Mundu zabal guzian fama haundikoa
Dohain eder guziez bete hanpatua.
4
Gazterik eman zion Jainkoari hitza
Apez eginen zela bizi guzikotzat
Denendako baitzuen borondate gaitza
Bururaino atxiki orduko agintza.
5
Izpiritu xorrotxa, ainitz jakintsuna
Sortua zen bezala, arras euskalduna
Ele alferrik gabe arrazoin xuxena
Aita baten pare zen, denendako ona.
6
Aspaldi egin zuten bikari jeneral
Frogak berak emanik bazuela ahal
Gorputz ederra ere, haundi eta zabal
Lan guzietan berdin xintxo eta leihal.
7
Beti lana gaindika berak izanike
Jendekin eleketa egoiten zen aise
Zerbitzu egitea ainitz zuen maite
Galdegina ez baitzen sekulan debalde
8
Beti egon delakotz zinezko apeza
Egun guziz emanez guretako meza
Orozgainetik maite Jesus ta Eliza
Orai zerua badu betiko saritzat.
9
Kargu haundi frangotan buru zen egona
Denak ereman ditu airoski aintzina
Barna sartua zuen Jesusen errana
Langile guti bainan nasaiki da lana.
10
Jainkoaren argian zare sekulako
Berriz'e fagore bat dautzut galdatuko
Esperantza badugu denek salbatzeko
Zeruan izan zaite gure laguntzeko.
11
Ene pentsu xinpleak hemen tut idatzi
Ainitz hobe batenak zintuen merezi
Adixkide xaharrei bihotzez goraintzi
Nik'e jin beharko dut bihar edo etzi.