inprimatu
Artzaingoa
Izenburua:
Artzaingoa
Sinadura:
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Panpilli

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1966
Argitalpenaren urtea:
Alea:
819.zk.
Orrialdea:
4

Artzaingoa

 

Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)

 

 1

 

 Neguaz primadera berritz jabetua,

 Hotzen ondotik jin da denbora goxua:

 Arropa berritan da ezarri kanpoa,

 Eder ta alegera perdez beztitua!

 

 2

 

 Arbasoak baitira bethi izan artzain,

 Gazte gaztea aitak ezarri nag ordain.

 Ofizio hoberik ez nuela izain,

 Geroztik hemen nago artalde baten zain.

 

 3

 

 Aski beha egonik jin da primadera:

 Horrek ezarri bainau ainitz alegera;

 Artaldea harturik, banoa mendira:

 Negua jin artio egonen gostura.

 

 4

 

 Ene lagun on eta fidela «xuriko»:

 Hori noiz nahi prest da enekin jiteko;

 Laguntza baliosa hori enetako;

 Horren parerik ez da ardien biltzeko!

 

 5

 

 Ene bertze laguna «matingo» astua:

 Airoski segitzen nau, ongi kargatua;

 Ikusten dueneko kajola kaskua,

 Agur bat igortzen du bozkariozkua!

 

 6

 

 Kajola xarmanta dut nik bizitegia,

 Berotan izal eta uriz aterbia:

 Itorrotx fina eta sano janaria;

 Ez da urrikaltzeko artzainen bizia!

 

 7

 

 Eremu gaitzak dira hor bazka tokiak;

 Etxola inguruan sorropil garbiak;

 Itzal ederrekilan arbolen azpiak;

 Errexki zaintzen ditu «xurikok» ardiak.

 

 8

 

 Ez da hanbat bortitza horko ene lana:

 Ardiak deitzi eta egitia gasna;

 Kantari pasatzen dut ardura eguna,

 iluntxetan igorriz dener irrintzina!

 

 9

 

 Nolazpeit bizi behar munduan gareno,

 Denetarik izan da orai ta leheno:

 Bizi molde hau ez dut xaindaturen oino,

 Urusago ez baita bertze bat ni baino...

 

 10

 

 Ni holaxe bizi niz jadanik aspaldi;

 Goraintzi bat igortzen dautzuet hor gaindi.

 Ene bizi moldeaz nor gusta baladi,

 Etzaio dolutuko: artzain egin bedi!


inprimatu