Euskal olerkariai deia
Biurko, Y.
1
Udaberria etorri zaigu
lagun ditula loreak;
begietan du margo urdiña,
arin dabiltz bere oiñak;
alai darama musu zuria,
jantzi eman dio lañoak;
nere ondoan igarotzean
erna zaizkit kanta-miñak...
Olerkariok, esna zaitezte
ta betoz zuen bertsoak.
2
Aldameneko zugasti zabal
urretxindorra alaitzen
goizero dago, emazte ondoan,
euzkia jeiki baño, len;
maitasunak du gure txoria
kantatzen; beti kantatzen,
ta udaberria bizi arteño,
kantari dugu izanen...
alaxe asi, olerkariok,
txorian antzo abesten.
3
Ortzetik zear ibiltari lez
lañoak, amets-ontziak;
ibarretako magal beroan
erne-zorian loreak;
lentxego legea, zegon errekak
ur garbi eta ugariak;
orok bizia ager nai bai du
(naiz txori, naiz landareak)...
Euskalerriko olerkariok,
ager lenbailen burua.
4
Zuen olerkiz gozatutzeko
itxoiten dago jendea;
zeurok duzue ase bearko
euskal biotzen gosea.
Gure izkuntzari indar berria
dagokio artutzea,
bera bai dugu bazterreratu
(itxumen paregabea)...
zutikan, arren, olerkariok,
bizkortzearren elea.
5
Gure euskera biotzekoa
maitasunik aundienaz
jaso zazute ta biotzera
eraman laztan estuaz.
Biotz-bero orrek biztu lezake
ta, indar berria artuaz,
Maitagarri au ibilliko da,
neska lirañaren eraz,
indar, maitasun ta alaitasuna
eusko lurretan aziaz.
6
Udaberria etorri zaigu;
txoriak daude kantari,
izaki orok indar berria
munduan zear ageri.
Gure euskerak bizi nai ba du
egunik egun biziki,
olerkariok bear duzute
zuen argia izeki;
euskal lurreko ertz guzitara
lenbailen zabaldu bedi.
7
Maite miñetan eperrak dabiltz...
loreak leuntzen dago
aizea, ta, ibar-ertze-belarrak
maiteki uretaraiño.
Maitasun berrik bizi berria
udaberrian sortuko;
ala euskerak bere burua
altxatuko du biziro
olerkariok maitasun oso
ematen baldin ba dio.