Xalbaldinek Zalbardini
Xalbardin
Urtea mila bederatzireun
larogeita seigarrena
Donostiako hospitalean
uztaila hirugarrena
gure aitari hanka gaiztotu
len zegoena herrena
hanka bakarra utzi diote
eta gainera txarrena.
Orain hogeita zazpi bat urte
gorputzez osasunean
trebeena zu omen zinen han
lagun guztien artean
«Mendi hauetan ez duk girorik
ibiltzen honen atzean»
esaten zuten lankide haiek
zukin zeudenak lanean
Lanbeharrak eraman zintuen
Sunbilatik Bilboraino
ogibidea ez baita lortzen
nai bezala egundaino
arrobi batetan jeitsi behar
harria goitik beraino
zuk jarritako teleferiko
hura han dabil oraino
Lehergailuez egiten zuten
harri txikia erauzi
lanean ari zinen unean
horietako bat utzi
aldegiteko aukerarik ez
gainera denbora gutxi
hogei minuton hainbat zatitan
hankako belauna hautsi
Asegurorik gabe lanean
esplotatuaren grinaz
aitaren seme naizenez geroz
gorroto dut nagusiaz
geroztik bastoi baten laguntzaz
mainguarena eginaz
beste hankatik sofritzen hasi
oker ez banago ihaz
Sendagileak anestesia
osoki eman ezina
eragozpena handia omen
oraingo zure adina
korde osoaz gerritik gora
zure balentria baina
zapalduentzat eredu eta
destinoari ordaina
Gaitzerdi balitz erreza eusten
zure gorputzaren zama
hanka ortopedikoarekin
egin bearko duzu lana
gai ez bazina gu prest ginake
hurbiltzeko zuregana
gu hiru eta zazpi ilobak
eta bereziki ama