inprimatu
Behi-lasterrak
Izenburua:
Behi-lasterrak
Sinadura:
V.M.
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
V.M

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1966
Argitalpenaren urtea:
Alea:
837.zk.
Orrialdea:
4

Behi-lasterrak

 

V.M.

 

 1

 

 Herrian ez jakinez non ez nola josta,

 Auzoan izan gira, hor zutela besta.

 Besta zuten bai eta josteta onhesta:

 Behi-lasterrak beti hainitz arrakesta.

 

 2

 

 Behi landes tipiak ekarriak huna:

 Zangoz biziki zalhu eta so kokina;

 Adarrak ezker ezkuin, nor jo lasterrena;

 Eta gibel-alda jauzteko arina.

 

 3

 

 Karrika hetsia zen taulez eta jelez,

 Etxetako atheak berdin talankerez:

 Estaietan leihoak brokatuak jendez,

 Karrikari behaka irriz ezin asez.

 

 4

 

 Garateko Xemartin, boneta goldurik,

 Behi hasarre bati hor aintzinaturik,

 Ari zaio tentatzen, begiak ernerik,

 Paltoa oihal gisa plantan hedaturik.

 

 5

 

 Behia oldarrean jin zaio gainera:

 Athorra-sahetsean sarturik adarra,

 Tarrata egin dio, urra eta urra,

 Buluziz paporaino sorbalda ezkerra.

 

 6

 

 Agostin Jakagorri, behi bat ondotik,

 Garrasian ihesi badoa gogotik:

 Jauzian pasatu da jelaren gainetik,

 Uzkailiz erroz gora neska bat alkitik.

 

 7

 

 Popol zaltuts igan da behi-bizkarrera:

 Bainan hor egoitea lan handiak dira.

 Aberea ari da jauzi eta bira,

 Igor arte gizona erhauts xukatzera!

 

 8

 

 Martin eta Bixente, ipurdia lastoz,

 Lasterka joan ahala elgar gana datoz:

 Buruz burn eginik kopetan elgar joz,

 Adarraren beldurrez biek bana eros.

 

 9

 

 Behi bat eskapatu zerrailutan gaindi,

 Jendek izan baitute asko izi-aldi.

 Muokoak oihuka: «Basa, trika hadi!»

 Bainan hartu oldean nehork egin geldi!

 

 10

 

 Ttotte-ren magasinak eder du berina,

 Pasatzen direnentzat mirail atsegina;

 Han behiak ikusi lagun adarduna:

 Hura koskatu nahiz egin du lan ona!

 

 11

 

 Aintzindegi guzia xintxikatu-eta

 Aberea harritu, lagunik ez eta...

 Adarretik dilingan mokanes pollita,

 Elizara joan zauku koskari debota!

 

 12

 

 Ttotte hasarre, bainan gehienak irriz,

 Bestak oraino ere iraun duke hainitz;

 Bainan ez nindagoken lekuan egarriz,

 Ostaturat zuhurki edatera joan niz.


inprimatu