Mattinek Urepelerat
Treku, Mattin (Mattin)
1
Ate hegitik eta mendirat
Begir' egon naiz goizean
Nere lagunak hor zirela' ta
Ni berriz hemen etxean
Geiago kantuz ezin naiz ibil
Osagarri eskasean
Horri pentsatuz zimiko batzu
Sendi ditut bihotzean
Nigar markoak etortzen zaizkit
Lagun onez oroitzean.
2
Nere burua kontsolatzeko
Gero hasi naiz kantari
Pertsu pare bat behar nuela
Urepelerat igorri
Omore ona begiratzen dut
Egona gatik gaur eri
Otoitz umil bat eskaintzen diot
Zeruko Jainko onari
Urteburua seinalatzeko
Xalbador lagun zenari.
3
Zuen bertsuak joanen dira
Zeruetara menditik
Eta ni berriz umil umila
Hasi naiz itsas hegitik
Xalbadorren oroitzapena
Ez zait joaiten burutik
Mundu hau uso pasaia bat da
Hoi ere ongi badakit
Mattinen partez agur deneri
Bihotzain erdi erditik.