inprimatu
Argizagia eta iguzkia
Izenburua:
Argizagia eta iguzkia
Sinadura:
Toucoulet, P.
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Toucoulet, P

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1970
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1039.zk.
Orrialdea:
5

Argizagia eta iguzkia

 

Toucoulet, P.

 

 1

 

 Jinko maiteak hastapenean denak ongi egin ditu,

 Gauza guziak mundu huntako parezka egin baititu:

 Egunarentzat, argien argi, iguzkia zuen piztu

 Gauarendako argizagia haren laguntzat kreatu.

 

 2

 

 Lur gain, lur peko pare guziak elgarretaratu ziren

 Kreatzaileak nahi baitzuen denak hola dobla ziten.

 Argiei aldiz erran zioten bakarka bizi zitezen,

 Zeru lurraren zabaltasuna aldizka argi zezaten.

 

 3

 

 Argizagiak ikus orduko iguzkiaren sortzea,

 Zaluxko zuen deliberatu mendebalean sartzea.

 Eta geroztik, mendere mende, hau da heien bizitzea:

 Bat jeiki eta bertzea etzan, sekulan ez juntatzea.

 

 4

 

 Argia baita zerutik jina joritasunez beterik

 Garbi egonez sorarazten du segur nasaiki semerik:

 Horra zertako daukan mundua mireski aberasturik,

 Zelaiak eta mendiak oro kurioski apaindurik.

 

 5

 

 Iguzkiaren su bortitzari nehork ez behar behatu,

 Jainko Jaunaren idurikoa harek arpegia baitu.

 Argizagia, oro hari so miretsiz ezin gelditu

 Harek eskaini urre zilharra denek nahiz eskuratu.

 

 6

 

 Amerikatik airatu ziren tresna batean gizonak

 Argizagian nahiz ikertu zer zaukan barnatasunak.

 Heltzearekin bai boztu ziren gizon zeruz jabedunak

 Bainan zangoak han pausatzean trixtatu bi jakintsunak

 

 7

 

 Etzen urrerik, etzen zilharrik, herrautsa hakarrik lodi

 Mendi xut eta ziloka haundi nahas mahas han nun nahi

 Argizagiak erran zioten zela dena hek iduri:

 Urrundik eder, hurbildik, aldiz, zimur guziak ageri.

 

 8

 

 Edertasuna ez du ez nehork eman bere buruari

 Argizagiak duena ere zor dio iguzkiari.

 Hunena aldiz nundik heldu den galda baginio berari

 Erran lauguke, egia baita, zor diala Jainkoari.

 

 9

 

 Jakitatea, gure mendean, beti aintzinatuz doa

 Hemendik fite egin dezake miresgarriko saltoa;

 Orduan ere ikusiko da zeruan dagon Jainkoa

 Zeru lurraren kreatzailea dela guzien gakoa.


inprimatu