Gure arbasoen ohoretan
Tapia Irujo, Ion
1
Aitzin aroan, zenbat morrontza,
zenbat neke-hots... nigar mingotsa.
Orduan ere orain bezala
urrats-bide zorrotza.(bis)
Herri zahar honen bihotza,
askatasunez zein motza,
garraisiz lakar ahotsa.
Aspaldidanik jasanez hainbat
sarraski eta odoltza;
inbasioz aseturikan
bere etxean arrotza.(bis)
2
Sasoi hartako lege..., dotrina
aintzinatikan zuten jakina.
Gizarte harek gaitsesten zuen
jabetzarekiko grina.(bis)
Samin ala atsegina,
denak otamen berdina,
nahiz azti edo sorgina.
Justiziaren antsi gogorrak
zuen bere eragina;
menderik-mende iraun nahiean
bazegoen zer egina.(bis)
3
Arbaso haien zori-gozoa
naturarekin zeukan lazoa.
Laket bizian maite zituzten,
mendi, ibai..., ta basoa.(bis)
Hura zen paradisoa,
hango kopla ta bertsoa
aitonengandik jasoa.
Kantu uhinez edertzen ziren
lurra eta itsasoa.
Sorginek ere xarmantki apain
kobazuloen altzoa.(bis)
4
Zelai gardenen ingurutan
libreki dantzan San Joan gauetan.
Berdin eurite ala lehorte
irriņoa ezpainetan,(bis)
Ilargian ohoretan
sutzar sendoa keetan,
adar soinua haitzetan.
Irri samurrak loratzen ziren
maitaleen begietan,
plazer irrikan besarkatuaz
ametsezko fereketan. (bis)
5
Akelarrea dela medio,
zenbat olgeta ta amodio.
Gau estitsuan ritu zaharrak
edertasuna dario.(bis)
Ordungo bihotz jario,
lilura ta bozkario,
maitaleen zorabio.
Sortu berria den ilargiak
dakar anitz misterio.
Etsipen bekzak esperantzari
amore ematen dio.(bis)
6
Ordungo altxor, amets samurra,
beti bezala, hutsal..., laburra.
Gure habia desegitera
sartu zen etsai lapurrai(bis)
Hura oinaze makurra!!!
odol zalea zakurra,
dena krudel, su,... egurra.
Itxaropena lurpera doa
emanez azken agurra.
Desditxatuen gisakoa da
herri zahar honen adurra.(bis)
Eliz maltzurran eraso latza,
hilotz usainez basati antza.
Sinismen zaharrak zapaldurikan
lege berriak dakartza.(bis)
Kristau legeen arantza,
aizkora bezain garratza,
dena errekin..., matantza.
Nekazaria bortxatu zuten,
nagusi zen aberatsa,
Arantz-ortua bihur zitzaien
lorez zegoen baratza.(bis)
8
Kristau gizonen fede emaitza;
hamaika izu, ta zorigaitza.
Andre ederrei ezar zieten
anitz hoben ta ekintza:(bis)
Pekatu beltzaren giltza,
grina gaiztoen egoitza
omen zen bere bizitza.
Hori medio, zenbat martiri,
zenbat eraso bortitza.
Espantu latzez, sorgin guztiak
herio dantzan dabilitza.(bis)
9
Nola daiteke gerta horrela?.
Zergatik hainbat suntsi ta gerla?.
Kiskal zituzten, oihan, soroak,
nekazal ta marinela.(bis)
Edonor deabru zela;
hari tortura krudela;
bainan... zein kredo txepela!
Nolaz hainbeste odol-isurte
eta jazarpen itzela?;
Negar-zotinka jitoan utziz
gure herriko batela?
10
Arbaso trebe paregabeak.
Ai! nekazari jator maiteak.
Mende haietan astunak ziren
borreroen kateak.(bis)
Ordungo itzal libreak,
ongi ditugu gordeak;
horra nire ohoreak.
Eginahaletan saiatzen gara
jarraitzen zuen bideak.
Zinez dizuet: Aurki garela
Aberriaren jabeak.(bis)