Gartzelatik gartzelara
Tapia Irujo, Jon
1
Negu krudela heldu da,
beztu zaigu ortzemuga,
hor datorkigu hotz mingarria
azkon zorrotzen modura.
2
Gartzela negu-mina
ez da batere arina,
larru-mamitan sufrituz goaz
otso-zakurren ordaina.
3
Nahiz eta ateak hertsi
oraindik ez dugu etsi,
gure Herria askatu arte
adore horiei eutsi.
4
Bihotzak amets-jario,
anitz irrits darizkio,
hesi tartean preso daukaten
lili bat dela medio.
5
Sarturik zeldako maldan
oroitzak datoz hegadan,
ene maiteaz pentsatu gabe
gaurik ezin dut erasan.
6
Gaumin honetan kantari
nago itxaropenari,
koplak igorriz ortzean zehar
maite dudan liliari.
7
Begira nago begira
leihotik ortze erdira,
izar guztiek dakarkidate
zure begien dirdira.
8
Zure begien islada
ibai gardenen balada;
gauroro nago eleak sortzen
nerabe baten erara.
9
Ilargiaren argia
horaila eta garbia;
ederragoa bait da oraindik
nik maite dudan lamia.
10
Zenbat joran ta ametsa,
zenbat gogo eta izertza,
aurkitu nahirik zelda barnean
zure besoen babesa.
11
Ilunaren erraietan
amets joriak loretan,
suzko desiraz erretzen eta
odola pil-pil zainetan.
12
Gaueko amets bizia
dena grina ta antsia,
zure ezpainen ezti urtsua
ai, nola dudan desia!
13
Gau on printzesa maitea,
zu, ederrezko lorea!;
aldaize baten parekoa da
zutaz dudan amorea.
14
Horra kopla bakartiak
maitasun biziz jarriak,
adieraziz ene airosa
bihotz honen egarriak.
|