Entzuna nion aspaldi
Tapia Irujo, Jon
I
Entzuna nion aspaldi
ene aita zaharrari
goiztiri samin hits hartan hasi
zenean kantari:
Haitzean jaio denari
ez urre ta ez opari,
utz itzak hiri bazterrak eta
haruntz itzul hadi.
II
Orduko zure mintzaira
datorkit bihotz erdira,
baina, neronen grinak ez daude
haitzera begira.
Nahiz etorri urrutira
zoriona nagusi da,
ene saminak krabelin hosto
bihurtu bait dira.
III
Jauregi eder batetan
pozik diraut ametsetan
zilar ta urrez jantzirik dauden
gela jorietan.
Ederrena ederretan
bazterrak ere loretan.
Toki xarmanta xarmantik bada
hauxe da benetan.
IV
Lilurazko abaroa
dena ene gustokoa,
beti dastatuz zorionaren
ardo oparoa.
Ai, patuaren gozoa!
gero eta ederragoa.
Bazter guztiek irri dagite
hau paradisoa!
V
Gaua hurbildu ahala
lamiek jotzen aldaba,
kantu-kantari irri jario
aintzinan bezala.
Musika eta balada
fandangoa ere bada.
Nolaz ekarri naute paraje
gozo honetara?
VI
Gogoak grinatsu, bero...,
gehiago ezin espero.
Zenbat zoramen, zantzo, triska, ta
zenbat dantza ero...
Egarriz egonez gero
ardo freskoak asero.
Larrutan ere egin daiteke
beharrik balego.
VII
Bestalde, badut defentsa
laulagun-minen babesa,
zeru honetan denok bait dugu
gure interesa.
Sinesten ez da erreza,
norberak konpara beza
jakin ondoren nola bizi den
"Zornotzako beltza".
VIII
"Larri" ta "Etxeandia"
ta "Panti" bertsolaria,
"Ernesto" ere dastatuz dabil
hemengo eztia.
Hauen bihotz amestia
ase dela diot ia.
Harrigarria dirudi, baina,
hauxe da egia.
IX
Azken bertsoan gabiltza
jarriaz aurpegi hitsa,
azaldu nahirik non kokatzen den
hemengo egoitza.
Jauregi ederren gisa
"Salto del Negro" deritza,
eta norbaitek proba nahi balu
hemen dauka giltza.