Sustraiak han dituenak
Sarrionaindia, Joseba
«schwer verlasst
was nahe dem ursprung wohnet, den ort.»
Friedrich Hölderlin.
Nekez uzten du bere sorterria
sustraiak han dituenak.
Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak
ez bada abaildu eta holetan.
Ez du niniak begia uzten
ez bada erroi edo arrubioen mokoetan.
Nekez uzten du gezalak itsasoa
ez hare harriak basamortua.
Ez du liliak udaberria uzten
ez elurrak zuritasuna.
Bere sorterria nekez uzten du
sustraiak han dituenak.