Carabanchelgo mutilei bertsoak
J.S.
Aurten mila bederatzireunda
larogeitairugarrena,
eguratsean maiatz ferdea
hozkirri eta gardena;
baina gu zigor zeldetan
gaude,
noiz arte gabe gaudena,
Carabanchelgo motinagatik
hauxe da gure kondena.
Ez da aspaldi gertatu eta
ez dut galdu memoria,
bertso berritan kantatuko
dut
motinaren historia,
euskal herriek jakin dezaten
zein den presoen zoria,
gorra ez denak entzun dezala
hau da gure melodia.
Hamabi egun zuen maiatzak
Carabanchelen geundela,
gau ilunean esan ziguten
Puertora gindoazela;
baina infernura joateko ez
dugu
geuk sinatuko papera,
ez goazela esan genien,
halan helduko zen gerla.
Funtzionario denak gozoki
irtetzera gonbidatu,
hertsi genuen ate handia
tipiak ere zarratu,
zaborra batu eta atetan
koltxoi tzarrekin pilatu,
gainerako jabeak ginen
goiza zenean argitu.
Goiza argitzean gu zain
geunden han,
gaztelu hertsian sartuak,
eta orduantxe etorri ziren
polizia harmatuak;
baina sarrera ez zuten aisa,
ateak ondo lotuak;
harresiak hautsi ezin eta han
zeuden arduratuak.
Soldadorekin hubildu ziren
burdinezko atetara,
baina burdina ireki orduko
zaborrak hartu sugarra;
kehe beltz hura dena estaliaz
igotzen zen barra barra,
arnasa hartu ezinik denok,
hura zen ito beharra.
Zapi buztiak ahoan eta
eztulka aide ilunean,
ez dakit zelan ez ginen ito
laino beltz haien artean;
komunak ere itolarrian
kolpeka zeuden atean,
zabaldu behar izan genien,
itoko ziren ostean.
Laino zikina iragan zenez
bista genuen berriro,
harma muturrak ikusten
ziren
gero eta gehiago;
gu barandilan gertu ginenda
onik ezin zen espero:
orduan mintzatu zitzaigun
bat
eta bestetxoak gero.
Traxe gizon bat lehendabizi
negoziatzeko heldurik,
baina mintzatzen hasi orduko
besteak tiroz behetik;
horrela hasi zen gerla eta,
hitzak iadanik alferrik,
hango tiroek hango oihuek
guzia zuten gorturik.
Alde batetik goma pilotak
eta gas minen poteak,
beste aldetik ohe burdinak
eta gainerako tresnak;
ordu betean aide lohian
gurutzatuaz guziak,
baina apurka haiek ugalduz
ahuldu ziren gureak.
Heurak nagusitu zirenean
gu, berriz, babes gaberik,
ostiko eta kolpeak hartzen,
hain bait geunden gu loturik.
Defenda ezinezko kolpeak,
ez da mingarriagorik,
haiek ez ditut inoiz ahaztuko
irauten badut bizirik.
Furgoian sartu gintuztenean
binaka kaiola hestutan
esan genion Carabancheli:
luzaro egon naiz zutan,
agur hirugarren galeria,
utzi zaitut erraultsetan,
Puertora banaramate ere
laster utziko dut sutan.
Hemen Puerto de Santa
Marian
zigorturik higatzea,
hogei lagunok zelda banatan
bakar bakarrik ahitzea
guretzat ez da errenditzea,
damutzea da galtzea,
finale onik oraindik ezin
beharrezko segitzea.
Hamalaugarren bertso
honetan
emango dut akabantza
gorantzi emanaz beste presoei:
ea gogo hori altza!
Libre daudenek orain
prestatzen
gure aldeko ekintza,
askatasuna heltzear dago
eta gora Euskal Iraultza.