Zuretzat (neroni baino maiteago zaitudalako)
Santi del Pino
Neroni baino maiteago zaitudalako
zuregatik pertsona bat hiltzen denean
negar egiten dut,
hura nire haurtxoa balitz bezala.
Zure larre eta haranen artean
begiak zabaldu nituelako
zutaz pentsatzen ari naizenean
hunkitzen naiz eta sarritan
ene begi hauetatik malko batzu erortzen zaizkit.
Zure min eta kexa guztiak ulertzen ditudalako,
zure paisaia edertasun garbitzat hartzen dudalako
ez dut nahi zure belarraren kolore berdea
odolaren gorria bihur dadila.
Zure lanbroan arnas hartu nuelako;
zure haize eritsua ondo ezagutzen dudalako,
nik inoiz ez zaitut ahaztuko,
eta zuk hire oinatzak ez dituzu ezabatuko.
Zu ez zara gorrotoa piztu duena.
Ez zara zeure sufrimenduaren erantzule bakarra.
Lehenengo harria jaurtiki zuena ez zara zu.
Baina zenbat ama lehortuko da nigarrez?
Zenbat mutil dardarka hasiko da
paper madarikatu bat hartu ondoren?
Noiz izango zara zeure jaun eta jabe bakarra?
Zenbat barrikada jarriko duzu
elkartasunerako bide luze eta gogorrean?
Noiz inor ez da erdaraz mintzatuko zuregan?
Ikusiko ote dugu noizbait
askatasun hitzaren esanahi larria?
Dialogoa ulertzea ez da erraza,
hori zuk ongi dakizula pentsatzen dut,
zure historian zehar aginduak,
besterik ezagutu ez duzulako.
Baina entzun zaitzaten
hitz egin behar duzu,
eta hitz eginez ez badizute entzuten,
ohiu egin ezazu,
zure eztarria urratu arte;
borrokarik hoberena hori bait da.
Haiek ez badira mintzatzen
zu hasi beharko zara,
eta duzun arrazoia emango dizutela
prometatzen dizut.
Agian probokatzen zaituzteenenak baino gehiago
entzungo dituzu
izugarri maitatzen zaituen,
zutaz penatzen den
kanpotar honek esandako hitzok:
zure mendiak muinoak ez bitez bihur,
zure hizkuntza ez bedi erromaniza,
zure ibaiak zainak ez bitez konberti,
zure haurtxoek ez bezate nigarrik egin,
zure haritza ez bedi hil,
zure esperantzak ez bitez honda.
Hau denarengatik
eta zure jendeek bakea sakonki maite dutelakoan bait nago,
nire aberria ez zarelarik ere,
benetan
neroni baino maiteago zaitut.