Hilkutxan ere kantari
Amuriza, Xabier
1
Tristerik nintzen tristerik
ia hiltzea usterik
pentsatzen nuen: ez ote dago
gogo hau pizterik?
Ez pizterik ez eusterik
arimaraino husturik
kantuan hasi nintzen gaizoa
zer egin besterik?
2
Hasi nintzen hasi eta
hura ez zen berriketa
neu konturatu gabe argitu
zitzaidan kopeta.
Irria ere kolpeka
heldu zen hortzez beteta
nork esan zuen gero kantua
ez dela errenta?
3
Pentsatu nuen geroztik
Haurrik ez zegok Paristik
Hemen bakoitzak bere buruaz
beste giltzik eztik.
Penak uholka datozkit
hoientzat ez da stopik
baina kantuan hasitakoan
denak joaten zaizkit.
4
Kendu zidaten ogia
jan zidaten historia
bai eta neuri eragin ere
neure hilobia.
Gizonaren agonia
kantatzeko nengon ia
kantuak berak altxa ez balit
gogo eroria.
5
Mendian sortu ta hazi
gero kalera ihesi
zortzi laugarren B ezkerreko
kaiolan naiz bizi.
Goiko pisutik garrasi.
azpitik isil erazi
kantatzen baino hobe duk hemen
arpa jotzen hasi.
6
Txoria kantari jaio
mendiak eskatzen dio
kaiola ere kantatzekoa
iruditzen zaio.
Kantua dela medio
penak arintzen zaizkio
gure kaiolak kantatzeko ere
ez al du balio?
7
Txikia izan beharra
herri baten zoritxarra
gainera ia hiltzen gaizoa
hain baita zaharra.
Hasten delarik oilarra
egunsentiko adarra
orduan bera iruditzen zait
bizi den bakarra.
8
Biligarro paregabe
baten kantuak dirade
goizero hortxe ari zait oihan
guztiaren jabe.
Banauk biziaren zale
baina bai ere logale
eguna pixkat argitu arte
kanta zak xuabe.
9
Baditut mila desplazer
baina sendatzen naiz laster
nai gabe ere hau duk hau martxa
kantuari esker.
Kantatuko dut edozer
berdin zait nola eta zer
kantuan ari naizen artean
ez dut falta ezer.
10
Umorez baldin banago
deitu kantu lanerako
eta tristerik aurkitzen banaiz
orduan gehiago.
Inoiz trago eta trago
gelditu naiz makurrago
kantuan hasi eta holako
drogarik ez dago.
11
Hiltzea zein penagarri!
Nork ez du pentsatu sarri?
Baina mesedez lore tristerik
niri ez ekarri.
Eman aurretik lurrari
hilkutxa zabalik jarri
azken bertsoa kanta dezadan
zuen negarrari.