inprimatu
Bertsolari berri bat
Izenburua:
Bertsolari berri bat
Sinadura:
Amuriza, Xabier
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Amuriza, Xabier

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1977
Argitalpenaren urtea:
Alea:
726.zk.
Orrialdea:
32

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Bertsolari berri bat

 

Amuriza, Xabier

 

 1.

 

 Bertsolari berri bat

 sortu da "Goiz-Argin"

 "DAKIANA" dio ta

 nor den ezin jakin.

 Dakiena da nonbait

 euskara nahiz latin

 badu gatz haina pozoin

 hitz haina hortz-hagin

 sugea basurdeaz

 enamora dadin.

 

 2.

 

 Imanol Ondarruko

 harturik blankotzat

 galdu-gordean datoz

 bala buru-motzak.

 Entzun hutsez norbera

 irensten du lotsak

 hitz hauk normal diktatu

 dituen bihotzak

 jaldurik du pultsua

 jo du heriotzak.

 

 3.

 

 Nolako aita dugu

 "DAKIANA" dela

 bertsoak bidaltzeko

 haur bortak bezela.

 Lotsagarri izaki

 hain fardel ergela

 ala esango ahal dut

 argi erregela

 izengabeak aita

 gabeak direla?

 

 4.

 

 Hitz hauei zentzu osoz

 hartzekotan kargu

 berriz buztan harora

 itzuli gara gu.

 Bertsolariz gainera

 dirudi letradu

 ahoa bezalako

 ipurdia badu

 sudurrak kantzelatu

 beharra daukagu

 

 5.

 

 Monoa zenbat eta

 arbolan gorago

 uzkia bistarago

 nahi baino gehiago.

 Bertso hauk erortzean

 oihana akabo

 sakristia kiratsik

 ere franko dago

 habituren bat ez da

 urruti izango.

 

 6.

 

 Hala arrantzaleen

 nola langileen

 grebak zirkuak diren

 antza dago hemen.

 Imanol berriz denen

 domadore omen

 jakitea komeni

 zaizu hil baino lehen

 Ondarrun horrenbeste

 tonto noiz jaio den.

 

 7.

 

 Baserritarrak ere

 haugatik adio

 errotak behintzat ez du

 askorik balio.

 "Berriztar errotari"

 burla gisa dio

 gure Pello Errotak

 entzuten badio

 bertso hauk egitea

 damutuko zaio.

 

 8.

 

 Marx ere aipatzen du

 ez dakit zertako

 akaso bizi dela

 uste duelako.

 Alderdi Jeltzailea

 ez dago txit bapo

 kuku hau behar badu

 propagandarako

 isilduko ahal zaigu

 santa sekulako.

 

 9.

 

 Dena delako horrek

 egin du azaina

 nor den ez dio baina

 hartzen dut usaina.

 Goiz-Argi itzaltzeko

 bonberu bikaina

 nahiago luke balitz

 ezin alajaina

 Imanol "zoroaren"

 eztul erdi haina.

 

 10.

 

 Hik, Imanol, ez eman

 lo-galdurik horri

 ez hadi kanibalen

 sarera etorri.

 Ez haut defendituko

 aski haiz herori

 hi ez haiz horren "txerren"

 ez "katamotz gorri"

 heure etsaiek ere

 bazekitek hori.

 

 11.

 

 Ni ere ez naiz ari

 oso gizale ez

 motiboak baitaude

 jartzeko aldrebes.

 Zoazte Ondarrura

 Imanolen galdez

 gero Goiz-Argi hori

 irakur mesedez

 orduan esan zuzen

 nagoen ala ez.

 

 12.

 

 Hamabigarrenean

 dezadan akaba

 berak ere dozenan

 luma baitu laga.

 Maisu berri bat heldu

 zaigu eskolara

 bertsoak nola egin

 ixtilua bada

 nola ez egin behintzat

 enteratu gara.

 


inprimatu