Pelota, euskal jokoa
Oyarbide, Florian
-1-
Astean ez det astirik eta
zerbait egin bear jaian,
papera eta luma artuta
eserita nago maian.
Bein da berriro bertso batzuek
egoki ipiñi naian,
orain, PELOTA, EUSKAL JOKOA
irakurri dedan gaian.
-2-
Pelota degu euskal jokoa,
senide maitagarriak!
Punta, remonte, pala ta eskuz,
danak ain zoragarriak.
Frutu ederrik len eta orain
eman du Euskal Erriak,
ta berriz ere Jaunak nai badu
sortuko dira berriak.
-3-
Tenis deritzan joko klasea
omen da Australikoa;
fubola edo ostikoketa
berriz Inglaterrakoa.
Boxeo edo ukabilketa
Amerika aldekoa,
baiñan pelota, joko eder au
degu Euskal Errikoa.
-4-
Pelota degu atzerrietan
asko gustatzen zaiena,
errespetatzen dute joko au
ez izan arren aiena.
Pelotaria bera ere berriz
euskalduna da geiena,
baratza ere emen bai dago
landare eder oiena.
-5-
Itz baterako pelota degu
arbola baten berdiña,
sortu zanetik orain artean
eman du Frutu bikaiña.
Adar luzeak mundu guzira
zabalduak dauzka baiña,
Euskal Errian, emen ordea,
bere gerria ta zaiña.
-6-
Pelotariek jantzi zuria
dute beren jatorria,
ori omen da joko au bera
sortu zanetik jarria;
ta gerrikoak jazten dituzte
urdiña eta gorria,
zein zeiñen aurka diran jokoan
ori da ezaugarria.
-7-
Asko ez baiñan nere sasoian
zerbait egiten nuan nik,
pelota artu eta frontoira
ez bazegon beste lanik.
An ere etzan falta izaten
jolastutzeko lagunik,
euskal mutillik ez da izango
ortan ibilli ez danik.
-8-
Pelotan ondo egitekotan
bear du afizioa,
alde bat utzi parrandak eta
ortan maiz egin saioa.
Gorputz biguna anka ta beso,
buru argi ta iaioa,
ta batez ere mundu ontara
pelotarako jaioa.
-9-
Gauza osasungarria oso
pelotari berarentzat,
ikuskizun bat zoragarria
begira dagonarentzat.
joko klase bat ederragorik
ez da munduan neretzat;
biotz biotzez au opa det nik:
ez dedilla galdu beintzat.
-10-
Kristautasuna berekin dauka
pelotak zorionean,
«Angelus» ere errezatzen da
txapelketa bat danean.
Jende guzia umil da jator
au ikusten degunean,
beste alako sentimentu bat
sortzen zaigu barrenean.
-11-
«Angelus» errezuan apaiza
frontoian erdi erditik,
juezak eta pelotariak
beraren bi aldetatik.
Begira dagon jendea ere
orduan jartzen da zutik,
Alguztidunak bedeinkatuak
izan gaitezen zerutik.
-12-
Gu bizi geran lur bedeinkatu
maitean sortutakoa,
gure erriko edertasun bat
ta gure odolekoa.
Urrezko monumentu bat ere
beretzat ez da naikoa,
iñuntxo ere berdingabeko
PELOTA, EUSKAL JOKOA!