Zaldi zaharra
Oxalde, Jean-Baptiste
1
Hemen gaude hitz hartuyak
Komplitu nahiz botuyak
Zaldi zahar famatuyak
Merechi ditik kantuyak
Kurriturik merkhatuyak
Ezin egin tu tratuyak.
2
Suyeta dugu Chiletik
Sudeko Amérikatik
Zaldi zahar baten gatik
Deus onik baden eztakit
Ez daite yeiki lurretik
Hala yakin dut numbaitik.
3
Saltzalea Eskualduna
Muthil gazte fanlarruna
Egin uste du fortuna
Zeren baitu zaldi ona
Erostuna da Gaskoina
Gostako zako fazoina.
4
Zaldia zuen eria
Aspaldi khendu nahia
Erran behar da egia
Triste zuela begia
Nun nahi den eroria
Membroz ez daite balia.
5
Orhoituko gira beraz
Urtharrilaren hamarraz
Zaldia zagon larru has
Pherekatuz oihal zedaz
Muthilak yuan zuen gabaz
Despegitu ere arras.
6
Gaskoinaren arrangurak
Ez ahal ziren laburrak
Orhoitzen zuen malurrak
Zaldiaren hil beldurrak
Saltzalearen gezurrak
Trenkatu dazko hezurrak.
7
Bera miriku ta barber
Erremedioak alfer
Kontseilu galdatu bertzer
Ez tu izan aski laster
Huna zertaz duen plazer
Bizi baita yaunari esker.
8
Orai hor da agonian
Sendatuko da agian
haurrak yarririk aldian
Noiz hilen den guardian
Hiltzen den ordu berian
Sarthuko dute hobian.
9
Herioa gauza beltza
Nehork ezin zuzen phentsa
Behin hautsiz geroz kesa
Phartitzeko baitu presa
Botatzean azken hatsa
Hura da memento latza.
10
Aitaso hasi larrutzen
Zembait sos behar baitzuten
Yuramentuka ari zen
Ilobek oro entzuten
Nabalak ez tu pikatzen
Zihoan trabatzen baitzen.
11
Nahi baduk bertzen ganik
Eman behar duk lehenik
Zaldiak ez badu yanik
Ez tik eginen lan onik
Orai yuana da hemendik
Abisu hori emanik.
12
Finitu dira tratuyak
Aitzinean botu hartuyak
Haur gaichoak dolutuyak
Kasik nigarrez hurtuyak
Eta deliberatuyak
Otchalde emanzkik kantuyak.