Lau poema
Otamendi, Jose Luis
Dakizun ilargia gaupasa egina lagun
urte oneko ordu
gerta
datorkizun
nakion baldintzapeko askatasuna gauean
garaipen urrikalgarri
bilaka
udazkenerat niragan
oroit
gihar-eztanden erlatsa
LP gogaitu hau
bularrean ibili ezinnik
bil
jausien indar zaldia
ortzeak kilkir goria dakarzu
zure amantalperantz
betizzu
***
Ikasteko nago oraindik zure desiotan
gaua iragazten
eta ehun poema eskainiagatik
biharko egunak harrapatuko nau
nik uste
etsipenarekin topo eginez
eztarri zuloan gora datorkit
tristezia betez sagu bat
herri honetako azken bolondres
etxekoandre ohien odolbatu beltzak
urratzen
kaskillo huts batzu bihotzak gorde
hogeitaka urtetan ukituko zaitut
suabe
nola ekia hilek
mozkorren begiak ardotan
loteria zenbaki higatuak
sarigabe
aizu
pozik zaudenean salatzen zaituzte hodeiek
plazatik honuntza berriro besarkatzen benauzu
hobe
***
Bucaresteko aireportuan soldaduak higatzen ilun
poema hilak plater beltzak dira gosea ase ezin duten marinelengan
goaz
goaz nora ez dakigula ere goaz
gehienez hil eginen gara
begi zuringotan karizia hotzak
labana gogo zorrotza
poeta gazte anitzek Dylan dik gaur desio
galburu erreei kantatzen ta puta segailei
kale zokoetan iazko udazkena txatxarrar janda dago
ta hire bihotza or-sagarra ardi amorratuei bota
erloju matxuratua irudituko du gauak
egiok beldurrari koska
ukitu gabeko sexuez behar nauk damu
aingeru eroriekin bat egin
hire uzkitik "neguko jauregia" sartu
hire tristezira tropa guztiekin iritsi
ta borroka irabazteko
hilotzek zerraldotan eguzkia hartzen diate
***
PASAIA 1.984
(Kurro, Pelitxo, Txapas, Pelu)
Bagenekien aspaldi
muinoak hodeiez maitemin zitezkeena distantziekin jolasean
begi klispatze bat
logikarik ez elkar kolpatu soak
gazte gorputz gurenak lurrera doaz saihetsetan izar hotzak
harkaitzei buruz boga
odol tolareak
badakigu
oroitzak fardelean gauero ematen gaua
batzutan lo
esna
hainbatetan hilik edo
bide aski luzerik ez dena esperantzaraino malkoak iztapetik behera
bizkor datozela enarak
begizuloetan kabi egitera
beldurraren kantoietan
plazerrez ere hiltzen da urdea
jakinen dugu aurki
zohargia
inor salatzeko herabe dea
hilotz beti egin berritan
zelan estrenatu zen udaberria
biharamuna eraman ezin
"policia asesina
asesina
asesina"
zergatik zegien poto mareak