Sortatxo bat bertso berri
Olea, Inozenzio
1
Sortatxo bat bertso berri
eiztarion ezaugarri
orain nai nituzke sarri.
Burutik zerbait arindurikan
gaudela diot igarri,
zentzu gutxiz gabiltz sarri
utsaren ondoren larri,
munduaren parragarri!
2
Apizio au degunak
danok oso ezagunak,
ez gera kopet illunak.
Lagun artean mokua goxoak
gusta izan zaizkigunak
mundu ontako egunak,
emengo eginkizunak,
eramaten dakigunak.
3
Gauzarikan ederrena
bildurikan alkarrena,
zer egin pentsa aurrena.
«Ikusia da biar goizean
uso asko datorrena»;
goazen al dan alkarrena
au gertatzen da urrena,
azkarra da bizkorrena.
4
Aurrez kontuak atera
laisterka mendi aldera
lekua arrapatzera.
Nai gendukena, uso guziak
ekarri geure parera,
ta gu batetik bestera
ontz ero baten antzera...
ondo zelebreak gera!
5
Aizeari sarri usai
lo egin eziñik esnai,
gau ta egun beti ernai.
Malizi asko, tranpaz beteak,
moxorrokeriz ere bai,
guztiak geuretzako nai
tabernan itxuraz anai,
mendira jotean etsai.
6
Goizean goizik mendira
illunduta erretira,
emazteak arpegira:
«Uste dedanez alperrik nago
zure usoei begira».
Bi tiro dizkiet tira
erori zaizkit sasira,
nunbait an izango dira.
7
Aitzaki eta minera
azkar etxetik atera
lanari alde batera.
Geiena uste degun denboran
faltatzen zaigu aukera;
tiroa bota aidera
luma mordoa lurrera...
baña okela aurrera.
8
Mendira joanagatik goiz
galtzak zikinduarren loiz
beti or gabiltz arrazoiz.
Usoak bota izan ditugu
guk zillarrezko perdigoiz,
gertatu izanda iñoiz
orain egonarren sasoiz...
ez nua esatera noiz.
9
Usoak artu aitzaki
eta libratu egoki,
gozatzen gera ederki!
Emaztearen trabarik gabe
nork arrastoratu noski?
Baña gabiltzan poliki,
erori gindezke aurki
andreak dana baleki.
10
Emazte baten esana
orain esango dedana
ba-daukat zer eramana!
Nere senarra orbelen gisa
egoaizeak darama;
nerekin ezkontzen lana
arek izango zuana,
jakin izan banu dana
11
Munizio ta kotuak
danak ongi pagatuak
galanki egin gastuak.
Etxekoandreak bukatu ditu
nerekin zitun tratuak;
ez dizkit barka gajuak
egindako pekatuak...
geroztik dira kontuak!
12
Jarri ditzagun pakeak
ez du galerik trukeak,
emaztearen eskeak.
Gure oitura edo bizio
auek ez dira merkeak;
utsa bagiña dukeak,
urte guziko nekeak
eramaten ditu keak.
13
Jartzen bagera entzuten
bai samurra antz ematen,
porru jorra txarrak aurten.
Esan bear det ondorengoak
garbiro jakin dezaten;
errez da eizean asten.
zailla griña txarrak uzten,
nola putzutikan irten?
14
Zorioneko usua
guretzat izen gozua,
egazti kuriosua.
Mundu erdia txoratu dezu,
ez bada ere osua;
botata ezin jasua
onek ematen dit sua,
etzera ain erosua!