Bertso berriak
Olea, J.[I.]
-1-
Oraiņ aldian Holandatikan
eltzen zaizkigun berriak,
ez dakit izan ote litezken
danak oso pozgarriak.
Apaizak ere ezkondu-nairik
omen dauzkagu jarriak,
nunbait ez jakiņ ezkon-ondoren
sortu oi diran larriak.
-2-
Nola arraio jo ote ditu
alde ortako aiziak?
Ni bai arritu apaiz jaun oiek
sortu dituzten auziak!
Gorputzak eziņ errenditurik
ote dabiltza guziak?
Lengo indarrik ez al du oraiņ
Jaungoikoaren graziak?
-3-
Ia urtetan sartua naiz ta
zerbait ikusitakua,
erabaki bat eman nai bada
bear dan bezelakua:
Gorputz onixe etzaio beti
errez ematen naikua,
ezkondu arren bizitza ez da
arrosa kolorekua.
-4-
Maitetasuna azaldu bear
nolabait era alkarri,
baiņa aurrea goxua bada
atzea mikatza sarri.
Gauezko lana nolakua dan
egunez begira jarri,
Traba bat kendu al dan moduan
ta zazpi milla ezarri.
-5-
Apaiz askotxo aztoraturik
Holandan gaur egunean,
ez jakiņ bati zer datorkion
esposatzen dan unean.
Ase-eziņak baldin bagera
anka libre degunean,
komeri latzak izango dira
larrak eltzen digunean.
-6-
Apaizak ere zalantz-aldiak
nola dituzten izaten,
Aita Santuak epai eman du
argia izan dezaten.
Zenbait kutizi bete eziņak
lanak dizkigu ematen,
baiņa andreak ere badaki
ederki ezetz esaten.
-7-
Entzun izan det ezkontzerako
jarri bear dala ero,
Holandan ere esaera au
jakingo da onuzkero.
Apaizak ere pasatu bear
makiņatxo bat otz-bero,
ezkonduentzat dauden ordenak
benetan artu ezkero.
-8-
Andreak ez du senarra artzen
beti goxo itzegiņez,
ixilik ere gelditu oi da
eta arpegi muxiņez.
Bere onera ekarri nai, ta
nundikan eldu jakiņ ez,
asmatzen lanak izango dira
naiz eta jakiņ latiņez.
-9-
Gure gorputzak ez du izaten
griņa bat ere lotirik,
erle-ozkadak artu gaberik
ez da miazten eztirik.
Ezkontzak frutu ematen badu
maitasun-intzez bustirik,
ondorenean izango al da
errezatzeko astirik?
-10-
Oartu bitez gure animak
iru etsai dituala:
mundu maltzurra, deabrua, ta
gure aragi argala.
Ezkondu arren irugarren au
txit motz lotu bear dala,
bestela pasa bearko dira
astean bi ostirala.
-11-
Ai, Holandako apaiz maiteok!
Nik ez dakit dakizuten,
emaztearen kargu eginda
gero zer datorkizuten.
Luma goxodun txoriak nola
moko txorrotxak dituzten,
sermoi-egiten aiņako lanak
izango dira entzuten.
-12-
Ez izan nigan ezkondu eta
gaitzetsi dedan usterik,
baiņa ez dago zenbait kontseju
alperrik galtzen uzterik;
ez det egingo zuek emanak
zeuei eskeņi besterik:
Emen ez dago penatu gabe
zerua irabazterik.