Zu jaio zinanetik
Uztapide, Manuel
Zu jaio zinanetik / gaurdaino bitarte,
badira berrogeita / hamaika bat urte;
bertsotan nahiz ez izan / zuk hainbeste arte,
omenaldi honetan / hartu nahi nun parte,
zorionak bihotzez / Manuel Lasarte.
Jakinik nungua dan / zure jatorria,
pozik egon liteke / Leitzako herria;
Plazaola errekan / FRANKI baserria,
han ikusi zenduan / lenbizi argia,
horregatikan zera / euskaldun garbia.
FRANKIn hazia zinan / urte batzuetan,
lehenbiziko aldian / ama'n besuetan;
gero mutiko danak / lagun hauzuetan,
xori kantu politak / hango basuetan,
haiekin nahasi hasi / zinan bertsuetan.
Gero Ajara etorri / zure sendi dana,
anai-arrebak eta / aita eta ama;
berehala entzun zan / bertsolari fama,
jaietan bertsuetan / eta astian lana;
nunahi bizitzen baita / saiatutzen dana.
Nola ibiltzen ginan / ia atzenduan,
aspaldin lozorruak / hartuta nenguan;
hamaika ume eder / udaro genduan
pake eder askuak / alkarren onduan,
jaunak luzaro bizi / zaitzala munduan.