Bertsolari zaharrei
Uztapide
-I-
Egun alai bat ospatutzeko
garai da gure artian,
amasei bertsolari badira
Euskalerriko partian
irurogei-ta amar urtetik
larogeira bitartian,
omenajia egingo zaie
danari egun batian.
-II-
Bat edo bestek izan lezazke
larogei baño geiago,
beste okerrik ez baldin bada
konpondu eziñik ez dago,
kantatutzeko ongi etorri
ta guria egiña dago,
bai, orain ogei-ta amar urteko
sasoia baldin balego.
-III-
Simon Ibarra Bankan bizi da,
ez da bertsolari eskasa,
ta Aldabako semea dezu
Prantzisko Maria Lasa,
Jose Maria Mutuberria
Eltzaburuko arraza,
Mungiatarra Juan Ormaetxe,
berdintzen ez da erraza.
-IV-
Pello Errotan billoba «Ondartza»
ta erria Asteasu,
Joxe Iñaxio urrustildarra
zuk zer esaten didazu?
Pello «Saikola» izenekua
arruatarra zera zu,
ta Itziarko seme jatorra
nere maixua «Zubeltzu».
-V-
Klemente Ezkurdia Gorritin,
erria da Elizondo,
Muñoa, berriz, Bidanikoa
Joxe Mari Aristondo,
Patxi «Artxanberria» il zaigu
gendukalakuan ondo,
Zarauzko Nekazabal zartu da
baña oraindikan sendo.
-VI-
Aristimuño Segurakua
Donostira otsegiña,
Tomas Arrizabalaga, berriz,
zumarragatar bat piña,
Lorentzo Zulaika ori ere
Elgoibartar atsegiña,
guztien ezaguna dezute
erri bereko «Etxegiña».
-VII-
Memoriz ongi arkitzen dira,
ankak piska bat makaldu.
Ainbeste urte dauzkan gizonak
arrazoirikan ez al du.
Egun eder bat igarotzeko
itxaropenik ez galdu,
orretarako egun orretan
Donostiara azaldu.
-VIII-
Bat Bankan bizi da ta bestea
Bermeoko muturrian,
oriek alkar ikusitzeko
ez dira oso urrian,
egun orretan naitaez alkar
ezagutu bearrian,
batek bestia besarkatuaz
lasaitasun ederrian.
-IX-
Oraingo bertsolari gaztiak
or dabiltz erririk erri,
orregatikan jakiten dute
geienak alkarren berri.
Zarrak olako aukerarikan
etzuten izango sarri,
gaztiak alkar ezagutzera
Donostiara etorri.
-X-
Urte batzuek juan dirala-ta
zertako egon tristiak,
orain aitondu zerate baña
lenago izanak gaztiak,
poza ematen zuen orduan
nunai bertsotan astiak,
zuek kantatzen ez badezute
badira orain bestiak.
-XI-
Euskalerriak bertsolariak
ematen ditu danian,
batere iñork agindu gabe
asiko dira lanian,
oiekin ere etzan atsegin
len gaztiak ziranian,
naiz ta piska bat orain makaldi
zartzen asi diranian.
-XII-
Bizimoduak izaten ditu
une batzuek grabiak,
beste batzutan, berriz, ederki
beroturikan labiak.
Bertsolari zar auek dirade
urte askoren jabiak,
Euskalerrian sortu ta bizi
ta alkar ikusi gabiak.
-XIII-
Zartu dalako izan dezake
batek kantatu eziña,
len sasoi ona zeguanian
etzuan usteko baiña,
lenago bazan indarra eta
gizona ere bikaiña,
altu bajuak daude munduan
etzera orduko tamaiña.
-XIV-
Illiak ere gutxitu dira
eta burua arindu,
orain bertsua kantatutzeko
zertako alperrik agindu,
batek balio ez duanian
ez diteke alegindu,
ni zuek baño gaztiago naiz
baño neriak egin du.
|