inprimatu
Orban gabeari
Izenburua:
Orban gabeari
Sinadura:
Mujika Egaña, Robustiana (Tene)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mujika, Robustiana

Argitalpena:
Argia.
Urtea:
1924
Argitalpenaren urtea:
4
Alea:
190.zk.
Orrialdea:
3

Orban gabeari

 

Tene

 

 Asaben sinismen sendoa zainduaz

 zuretzat bizi dan eusko-erria

 zure aintza bere omentzat duala,

 abeslari dezu, Miren garbia.

 

 Abeslari dezu, abesti maitariz

 zure edertasuna goresten arro,

 zutzaz arrotzea errien omenik

 aundiena dala dakielako.

 

 Eusko-gogoaren indarrak, tanpadaz

 gaur igitzen duan nere biotzak

 zuri ¡ene Miren! Sortzez garbi orri

 opaldu ni dizu abestitxo bat.

 

 Euskotar mingañak zuretzat dituzten

 gorespen gozoak azaltzekoa,

 euskotar biotzak zuretzat daukaten

 maitasun bigunez jantzitakoa.

 

 Goraldu nai zaitut gure mendietan

 zintzo gordetzen dan sinismenakin,

 biotz toles-gabe maite-garbidunak

 goraltzen zaituzten itz bigunakin.

 

 Ta esango dizut nere abestian

 naiz olerki txiro eta itz motelez,

 donoki ta lurra edertu ta poztu

 ditutzute, dezun edertasunez.

 

 Nik esango dizut zure maitale dan

 artzai neskatxaren maitasunakin

 zelaiko lilirik politena Jaunak

 Zu bezin polit ez duala egin.

 

 Nik esango dizut, seaska ondoan

 jartzen dan amona zarrak bezela

 aur errugearen irripar gozoa

 baño gozoago, Miren, zerala.

 

 Nik esango dizut, itxas gizonakin,

 ez dala ortzean izar argirik

 zure edertasun ain dizdiztzallea

 dan bezin atsegin ta pozkarririk.

 

 Nik esango dizut abesti onetan

 asabak esaten zizuten ura:

 "Jaunaren eskarrez sortzetik garbia

 ta orban gabea beti zerala".

 


inprimatu