Olerti'ri
Tene
Olerti...! Entzun Olerti
nere edermin ezkutua;
ondoren nazu ba, amesti,
zuretzaz lilluratua.
Eder-zale det gogoa,
ta Ederra zugan dago,
zatar da ludi eroa:
zuretik zerbait emango?
Ondoren nazu goizetik,
ondoren eguerdian,
gazte-gazte nintzanetik,
eta zartu naizenean,
naiz bakarrik nagonean,
baita lagunak ba-ditut,
alai, naiz illun-aldian
beti nerekin nai zaitut.
Zer ote zeran oldozten
egunak joaten zaizkit,
baņa nun zauden igertzen
ori bai, ori badakit.
Zure berri ematen dit
IZADI'k bete-betean;
aizetxoaz bidal dizkit
zoragarri, gaur goizean.
Arkitzen zaitut berritxu
errekatxo apalean,
mendi barrenari muxu
emanaz, jeixten danean.
Zaude, baita Sarkaldean,
itxas-mugan exerita,
euzkiak ezkutatzean
ditun margoaz jantzita.
Abesten dezu, basoan
bizi diran txoriekin,
ta lo, amaren altzoan
lo dagoan umeakin.
Beti dituzu zurekin
neskutzen gogo aratzak;
beti dira Jainkoakin,
maite zaituzten biotzak.
Maite-mindunak negarrez
zuregana biltzen dira,
beren miņa zure ederrez
arindu ta gozatzera.
Zoriondunak oztera
pozago ta ederrago,
beren poza azaltzera
nola etzaizuz joango?
Ona, ni, zure ondoren
Olerti, kutun nerea,
etozkit maitez mintzatzen
edertasunez betea.
Nere Jaun eta Jabea
Beregana deitzen daukat:
zuk badakizu bidea,
arren...! atozkit laguntzat.
|