Emaztea (I)
Mihura, Fermin
1
Anderekilan zirto bipilak gizon-ahotik dario
Artetan doi bat jostatzeko-re ez baitu guti balio;
Ondotik gauzak ikertuz eta bilakatzean serio
Zoinek ez maite hor aditzea bertzearen laudorio
Emaztekiak gizonarentzat baitu zerbeit mixterio!
2
Behako batez hunkitu nahiz emazteen hedadura,
Iduri luke esku hetsian ezin atxiki den ura;
Pollitak eta gaztetasunak badukete xarmadura
Bainan bakarrik hori ez konda, agertzen da-re ardura,
Ustegabeko alderdi onak datoz gure estimura...
3
Alta eskerrik gabeko gizon hok eskatzen bertutea
Ahulezia ez dugu maite bertzen baitan ikustea;
Bizi laguntzat amesten dugu «bat» dohain guziz betea
Haur denboratik ta ezagutu gabean nere maitea,
Nere asmutan zagon izar bat: zorionaren atea!
4
Emaztea zu hor ez bazina ez litaike segidarik
Eta haur baten sortzea baino, zer gauza goragokorik?
Munduko sabant eta artixtek ez dute zure gradurik
Jaunaren obra pasatzen bada gizonen eskuetarik,
Andrearenak lehenak dira, hortan ez dago dudarik!
5
Noizean behin gure partetik aitormen batzuek haizu
Arinkerien ondotik ezin izanak sobera pisu,
Zure alderat dagon estimu eskasaz zindaizke kexu
Arrazoinekin, gure ondoan eginik hainbat zerbitzu
Guziz gainetik nehork bezenbat sofritzen ere dakizu...
6
Gogoetetan haur denborari itzultzean nere soa:
Peningarri bat ez ote nintzan kiskila eta lazoa?
Noiz eta nola dut ordainduko amaren bular gozoa?
Bai eta ere orroitgarrizko guŕ amatxiren altzoa,
kontsolatzeko uruski badut gaur maitearen,besoa!
7
Emazte hori dugu gizonen moldatzaile bat bizitzan,
Begiak doi bat idekiz geroz hortaz dudarik ez izan;
Bore burua berdin mendratuz jasaiten duena jasan
Uda ta negu langile fina xinaurri on baton gisan
Esperantza bat bazkatu nahiz gizon funtsdunen gerizan!