inprimatu
Gizonaren galbarioa
Izenburua:
Gizonaren galbarioa
Sinadura:
Menditarra, Juanes
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Menditarra, Juanes

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1975
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1316.zk.
Orrialdea:
5

Gizonaren galbarioa

 

Menditarra, Juanes

 

 1

 

 Dolamenezko oihu handi bat ene barnetik badoa

 Nigarrez urtzen ari baitzauzkit bihotza eta gogoa

 Gizon artean sortu zerauku zinezko galbarioa

 Hiltzearekin ordainduz orai lehengo amodioa.

 

 2

 

 Euskal-herritik urrun nago ta entzuna dut oihartzuna

 Lehen argia zagon tokian sartu zaukula iluna

 Hobenik gabe elgar hiltzea hauxet da gauza lizuna

 Jainkoaz kanpo gizonak nola juja dezake laguna.

 

 3

 

 Hameka jende kondenatu ta hetarik bost ehortziak

 Horra egungo jendeak dauzkan herra-lanen gutiziak

 Hil derauzkute bi euskaldunak hobenik gabe guziak

 Estimu geio ez lukea ba merezi jenden biziak.

 

 4

 

 Hobendun handi batto badago erraiteaz ez naiz lotsa

 Zertako bada egiten duzu holako lege zorrotza

 Bizi uzteko ez duzu entzun Aita Sainduaren botza

 Ala burdinaz eginik dago zure barneko bihotza.

 

 5

 

 Mundu guzia trixtatzen duzu behar bidean alaitu

 Barnean dauden idai gaixtoak behar litazke garraitu

 Bertzen bizia hole hausteak ondorio txarra baitu

 Zu ere noizbait Jaun Zerukoak ongi jujaturen zaitu.

 

 6

 

 Giltzen azpian dagon andrea daukat oraino gogoan

 Aingeru baten aiduru dena gartzela baten xokoan.

 Haurrak hobenik ez dauka, amak huts egin duelakoan

 Itzal ilunez haziko cute hura munduratekoan.

 

 7

 

 Holako gauzik gerta zaikela nori zitzaion iduri

 Anaien hiltze horrek bihotza hunkitzen derauku guri

 Herriarentzat beren odola dutelakoan ixuri

 Eskaintza hori izan dadila geroko bake iturri.

 

 8

 

 Bizia eman izan dutenak ikusi gabe argirik

 Onetsi gabe joan zauzkigu hartze zaukaten grazirik

 Balinbadago gaurko jujetan xuxen ari den bihirik

 Bildotsik ez hil sekula santan otsoak utziz bizirik.

 

 9

 

 Munduan nor da itzal gabeko huts egiten ez duena?

 Inozentaren kondenatzea horrek emaiten du pena.

 Zinez trixtea dago lurrean bihotzik gabea dena

 Gizonak nolaz gaztiga liro Jaunak barka dezakena.

 

 10

 

 Dohakabea dagon presunak badauka ainitz bizio

 Askotan bertzen odolaz egin nai dute sakrifizio

 Heriotzea hartuz gizonak bizikotzat ofizio

 Naski guhaurek eginen dugu hole azken judizio.


inprimatu