Kontzientziaren ikertzea
Mendiburu, Jean Pierre
1
Zer da legea? zer da indarra? nor ote da azkarrena?
Nor da nagusi? edo errege? trankil duena barrena?
«Elgar maitatu! Elgar lagundu!» manamendu suharrena!
Menderen mande horren iluntzen ari zauku bortzgarrena.
2
Zer da mundua? zer da bizia? nun ditugu zimenduak?
Hiltzale batek nun ote dauzka arima salbamenduak?
Uste ote du eskuratzea Jainko urrikalmenduak?
Zangopilatu ta ostikatu ondoan manamenduak!
3
Sortuz geroztik «bizia» denek ez dutea merezia?
Zendako dago gizona beti gerla bideko hezia?
Beti herraren aztaparretan heu da Jainko gabezia
Hil harri zilo Murer beha zer zinezko trixtezia!
4
Jesus mundutik urrundu zaikun manamenduak emanez
Jainkoa eta lagun urkoa osoki-maita esanez
Jaune nun zira? gu herrestaka, zutarik urrun izanez
Zu ez bazine bezala gira oi elgar ezin jasanez!
5
Zabal atea, idek kaseta, ez da begiak hesterik
Harek hura jo, hunek hura hil, zer da ikusten besterik?
Jainko beldurra nun dute ala ez daukate sinesterik?
Jesusek ez du gizoner eman holako lege trixterik!
6
Hil -gazteak ta hi! haurrak ere; gizonak bihotza nun du?
Pitz asarrea ta hil bakea burregoak munduz mundu
Hole dabiltza eta batzuek nahi dituzte lagundu
Zuzena eta jendetasuna norat zaizkigu urrundu?
7
Gure oihana husten hasia da xori errexiñolez
Eta herria husten ari da xoriez eta arbolez
Gero ta geio emendatua ihiztarien étxolez
Beren eskuak gorritzen tuzte martir gaixoen odolez!
8
Jesusek ere ukan zituen ozpinarekilan nahas
Irri ta trufa, bisaierat thu; libro zen, aldiz Barrabas
Ukaitzaileak Petriren gisa gaur ere ez dira eskas!
Euskal-Herrian: segur badugu Jesus baino geio Judas!
9
Zuzena beti laidostatua behar da,ainitz kuraia
Hauk mundu erho, basa, trixtea, lazturagarri salbaia
Gizona zer da gizonarentzat balinbadago etsaia?
Muturrean jo eta aurdikiz laguna edo anaia.
10
Lagun urkoer egiten dena Jaunari dela egiten
Mundu guziko apez guziek hori daukute erraiten
Kontzientzia iker dezagun zer den gutan iragaiten
Atsegin ala atsegabea dugun bertzeri emaiten?