Zorioneko streackin
Matxain
I
Nere lagun bat inguratu zait
berebiziko kezkakin,
gaur ez dagola bururatzerikan
mutillak eta neskakin.
Moda berri bat sortu dala-ta
izena ere bazakin,
danen aotan or omen dabil
zorioneko Streackin.
II
Egia esan moda kontuan
gu biok gera legoak,
auek zergatik sortuak
diran esango digu geroak.
Baiña ekartzen baldin baditu
gazteriaren beroak,
bertso batzutan emango ditut
emen erremedioak.
III
Oraindik ez da asko azaldu
gu bizi geran lurrera,
baiña nork esan emen berari
egingo zaion arrera.
Neska gazteak larru gorrian
ikusten asten bagera
sasoi daukana igo diteke
katedraleko torrera.
IV
Aspaldi ontan or ari ziran
gonak egunero mozten.
Gaur bate gabe ikuste orrek
ez nau ni geiegi pozten.
Ogibidea galtzen bait dute
aritzen diranak josten.
Sastearentzat a zer oporrak
oaingo martxan datozten!
V
Era ortara ibiltzen dira
mundu ontan abereak.
Oiek bezela ikustekotan
jaunak, egin du gureak.
Lau ankakoen gisa lenengo
ikusten diran aleak,
asunarekin ondo, igurtzi
kendu arte azkureak
VI
Udaran noski moda klase au
Egingo zaigu ugaldu,
baiña oraindik egia esan
ez da askorik zabaldu.
Bera indartu baiño lenago
nai baldin badegu galdu,
larru gorrian ikusten dana
Polo Norte-ra bialdu.
VII
Odol beroak dauzkanari an
jarriko zaizka epelak
eta gogoak joango zaizkio
erakusteko okelak.
Paraje aiek nola diran txit
preskoak edo mozpelak
bertan eduki gorputz guzian
atera arte ospelak.
VIII
Polo Norte-ra egin ezkero
aste bateko bisita,
laster ditugu modak dituan
txorakeriak utzita.
Ta armarioan baldin badauka
abriguren bat josita
bueltarakoan ikusiko da
pozikan asko jantzita.
IX
Berdin baldarrak zeratenak ta
berdin tipo piñekoak,
modarengatik ez beintzat kendu
iñoiz zuen soiñekoak.
Oso ederki daude barrengo
zer esan ez gaiñekoak,
larru gorrian etzaudete ez
jantziakin aiñekoak.
X
Gaste maiteak, etzaiteztela
izan berde ta lizunak,
ta beti bete bear bezela
dauzkagun eginkizunak.
Oso gutxian irauten dute
modaren asmakizunak,
urteen kargak uxatzen ditu
gorputzen berotasunak.