Urrezko eztaiak
Matxain, M.
-I-
Urrezko eztaiak ustekabean
orra zueri iritxi,
urteak laister joaten dira ta
aterikan ezin itxi.
Urtetan gora eta sasoiaz
naiz orain pixka bat jetxi,
edade ortan zuek bezela
ikusten ditut nik gutxi.
-II-
Zoragarria Abenduaren
aurreneko Igandea,
jai aundietan bezela pozez
ikusten nuan jendea.
Eliz aurrean zuen gorantzan
jardun dantzari taldea:
txarleston eta txotis oiekin
ederra dago aldea.
-III-
Bezperatikan jarria nengon
jai eder onen peskisan
eta goizean bestetan baiņo
lenago esnatu nintzan.
Festa ederrak ikusia naiz
ni Aieteko elizan.
Esan dezaket orrelakorik
ez dala bein ere izan.
-IV-
Amabietan meza santua,
txit elizkizun bikaiņa.
Ta, on Jesusek zuen gorantzan
dantzatu zuan mingaiņa.
Zuen ejenplo ederra pranko
ipiņi zituan baiņa,
alere ezin zuek goraldu
merezi zenduten aiņa.
-V-
Elizkizunak bukatu eta
ia jateko garaia.
Fagolla aldera abitu giņan,
or baigenduan bazkaia.
Egia esan, ni nola naizen
egundoko tripazaia,
aprobetxatu zuan ederki
zuen urrezko eztaia.
-VI-
Aiton, seme ta illobatxuak
juntatu giņan mordoska.
Guk jandakoa ala zankoa
etzan noski gutxi kosta.
Atera zuten, kokotx, txangurro,
txuleta eta langosta.
Etzan erraxa saltatzen, noski,
or egin genduan koska.
-VII-
Nere artean pentsatzen nuan
artuko ditek epela,
Jaunari esker etzan izandu
nik uste nuan bezela.
Or ikusten da kontzientzia
garbi ibiltzen dutela.
Esan zidaten egin zan koska
erraz saltatu zutela.
-VIII-
Orain onekin bukatzen ditut
gaurko neronen bertsuak.
Badakizute zer izan diran
gure jateko pausuak.
Aiton, amona, seme, alaba
ta berdin illobatxuak.
Artu berriro zuek guziok
nere zorion sutsuak.