Seta gaiztoa
Matxain
-1-
Pena aundi bat sartua daukat
biotzaren barruraño,
setak ekarri gaitula ia
izkuntza ondatzeraño.
Jakin bezate aurtxo txikitik
aitonik zarreneraño
setak uztea obea dala
euskera galtzea baño.
-2-
O, Euskalerri biotzekoa!
zugana nator kantuan,
ia pixka bat lasaitzen naizen
zedozer esandakuan.
Kezka batekin nabil neroni
etxean eta kantuan,
gu euskaldunok era onetan
zeiñek ipini gaituan.
-3-
Deabruren bat buztan luzea
sartu da gure tartean
nai eztuana gu euskaldunok
ibiltzerikan pakean.
Mundu triste au igaro bear
dozenerdi bat urtean
ta ale oiek daramazkigu
burrukan anai artean.
-4-
Oso «txorrotxak» izango dira
deabru orren adarrak,
sakabanatu gaitu ederki
geran euskaldun bakarrak.
Perretxikuen gisa gaur nunnai
sortzen zaizkigu bakarrak,
alkarren aurka enpliatzeko
al dira gure indarrak?
-5-
Bide txarretik goazela gu
gaur ezin gentzake uka,
«atxe» dalata anai guziok
emen gabiltza muturka,
gure etsaiak irriparrezka
esanaz «au dek au mauka»,
lau periodiku Euskalerrian
ta denak alkarren aurka.
-6-
Milla euskaldun dauden tokian
daude milla oponiyo,
baiña alare ez aserretu
letra bat dala meriyo.
Guk gai onetan joka dezagun
gizonki eta seriyo,
urak pasata presa egiteak
eztualako baliyo.
-7-
«Atxe» zaleak zeratenak ta
ta etzeratenak berdin;
al dan guzia idatzi baiña
iñori eman gabe min.
Nai dezutenak Zeruko Argian
besteak berriz Goiz Argin.
An edo emen neri berdin zait
baiña pakean lan egin.
-8-
Atxekin edo atxerik gabe
pakean ari gaitian
al dan guzia beti idazten
gure euskera maitian.
Nik ondo dakit ezin dirala
gauzak konpondu kolpian
denboraz, noski, sartuko dira
bai, urak beren tokian.
-9-
Ur zikiñean pozik egiten
du deabruak arrantza
ta euskerari kendu nai dio
lenbailen azken arnasa.
Ori gertatu baiño lenago
berari moztu isatsa,
ez dezan berak geiago nastu
euskaldunaren baratza.
-10-
Zerbait idazten degunak gera
ia bi milla euskaldun,
atxekin edo atxerik gabe
danok bear degu lagun.
Askatasuna ta justizien
alde beti gogor jardun
ia onela erri zar au guk
pixka bat moldatzen degun.