Pake urtea
Matxain
-I-
Emen daukazu, Jesus maitea,
gaur Aieteko erria,
beti bezela gure jaietan
Zuregana etorria.
Emen daukazu kale gizona
ta emen nekazaria.
Emen nagusi eta morroia,
emen txiki ta aundia.
Emen dauzkazu gaur egiten
zaienak omenaldia.
Ainbat urtetan gure elizan
seroratzan ibilia.
Komeni bada entzun iguzu,
Jauna, gure eskaria,
urte askoan gorde itzazu
Manuel eta Maria.
-II-
Zintzo betetzen ez degulako
zuk jarritako legea,
gure artean indartu zaigu
burruka ta aserrea.
Aserre dabil kale gizona
ta aserre abadea.
Galdu ote da garai bateko
gure euskaldun fedea?
Bakarra degu nere ustez
pakeratzeko bidea.
Errespetatu dezagun beti
lagun urkoen idea.
Ez dezagula beinere esan
onena dala gurea,
gu juzkatzeko naikoa da
zeru ta lurren Jabea.
-III-
Erri batzuek ikusten ditut
danetik sobre dutela,
beste batzuek beti gose
negarra dariotela.
Pake urtean gauden ezkero
ezin jarraitu onela
edo pakerik ez da izango
gure artean bestela.
Egizu, Jauna, erri aundian
konturatu ditezela
gurutze ortan txintxilikari
guziongatik zaudela
eta azkenik indartu zazu
guzion fede epela,
lagun urkoa maita dezagun
gure burua bezela.