Jose Artetxe idazle argiari
Matxain, Manuel
-1-
Astero ostero «ZERUKO ARGIA»
bialtzen didate neri,
eta bertatik esaten dezu
aspaldi amaika egi.
Zuk ardoari ardo deitzen da
ogiari berriz ogi,
idazle batek egin lezaken
gauzik onena da ori.
-2-
«Zeñen bertan da zeñen urruti»,
zan zure lan baten gaia,
egun artatik, Joxe, ba-neukan
zurekin itzegin naia.
Zure luma da pake-zalea
ta burrukaren etsaia,
ongi dakizu nundik datorren
oker askoren sustraia.
-3-
Zure lan ori, gutxienez, det
sei aldiz irakurria,
bear zan mallan jartzen zenduan
Toribio Etxeberria.
Bere erritik urruti il da,
ta ez da arrigarria,
zuk bezelaxe baizuan arek
biotza xamurregia.
-4-
Gizon langille eta umillik
Euskalerrian bat bazan,
nere ustetan,len esandako
Toribio ori izan zan.
Ain goxo eta xamur idatzi
zenduan bere gorantzan,
bukatu arte irakurtzen ni
negarrez aritu nintzan.
-5-
Enteratua nengon aurretik
nola zegoan makala,
baña alare pena artu det
jakindakoan il dala.
Ain zan leiala, ain zan umilla,
ona ta esku-zabala,
seguru nago, Jaun Zerukoak
bere ondoan daukala.
-6-
Beste lantxo bat oso ederra
idatzi dezu lenguan,
esanaz garbi, Sara aldean
zuk zer ikusi zenduan.
Bi donostiar joanak emendik
gerra asi zan orduan,
nekatu gabe, gogor lanean,
tobola baten onduan.
-7-
Guk txartzat jotzen genituanak
karidadea egiten,
neronek asko ikusi ditut
ta ez da zalla sinisten.
Ba-al dakizu zer burutapen
iñoiz etortzen zaizkiten?
onak nor diran Jaunak besterek
ez ote duan jakiten.
-8-
Askok daukagu, zoritxarrean,
santuak geran uztea,
obea degu iritzi ori
danok lenbait'len uztea.
Zuk idea bat ba-daukagu ta
nik berriz ba-det bestea,
gauz orregatik ez dago ondo
biok burrukan astea.
-9-
Oraintxe ere burrukan dabill
ia munduan erdia,
osoa ere jartzeko dago
orain arrixku aundia.
Ainbeste gerra eta naigabe
ez ote da etorria,
bere neurritik irten dalako
gizonen arrokeria?
-10-
Gaur munduari begiratuta
Joxe, pena ematen du,
aurrerapena galanki baña
okerrik ezin zuzendu.
Aita Santuak au ikusita
erdi-negarrez esan du,
tiroka baño obe degula
guk itzegiñaz konpondu.
-11-
Zazpi urtean pasatua naiz
kanpoan egun da gabak,
Jaunari esker, ez ninduten ni
sekula ikutu balak.
Baña alare jarriko dizkat
al badet gerrari trabak,
gure moduan ez ibiltzeko
geronen seme ta alabak.
-12-
Gizon argi ta pake-zalea
zera, Artetxe, benetan,
ori ederki ikusten det nik
egin dituzun lanetan.
Neroni berriz oso exkaxa
idazten eta izketan,
beingoagatik barka zaidazu
utsegin badet ezertan.