Eskola gutxi izan det beti
Matxain, Manuel
-1-
Eskola gutxi izan det beti,
oso motela mingaña,
auxe bai dala gaztetan nuan
alperkerian ordaña.
Orain berriro pixka pixka bat
saiatu izan naiz baña,
eztet ikasi bertso batzuek
tajuz moldatzeko aña.
-2-
Bi illabete izango dira
izan nuala gustua,
boda batean ezagutzeko
gizon bat jator askua.
Orain idazle argia degu,
len abeslari prestua,
mundu guzia korritu duan
euskaldun egiazkua.
-3-
Berreun lagun izango giñan
bazkaritako orduan,
umore onik etzan paltatu
gure artean orduan.
Nik Isidoro de Fagoaga
eduki nuan onduan,
gizon umillak oraindik ere
topatzen dira munduan.
-4-
Ixilik nola ikusten nuan
alako lagunartian,
euskera berak entenditzen zun,
galdetu nion kolpian.
Erantzun zidan, Baztan aldeko
izkuntza goxo batian:
-«Euskera etzait neri aztuko
bizirik nagon artian».
-5-
Erri txikia ta euskalduna
da Naparrua'ko Bera,
orgullu aundiz esan dit neri
an jaioa dala bera.
Gaur ikutua izango det nik
Isidoro'n biotz bera,
negar malko bat ixuri zaio
beintzat masallean beera.
-6-
Gaztea zala bere erritik
irtena zan Fagoaga,
mundu guziko antzokietan
geroztik ezaguna da.
Abeslarien bizimodua,
ez ustearren zalla da,
ta batez ere iritxitzeko
ori igo zan mallara.
-7-
Orain idazle argia degu,
len abeslari izana,
Euskalerrian izena toki
askotara eramana.
Diruarekin ezta pagatzen
gaur egiten duan lana,
mundu guzian irakurtzen da
berak idazten duana.
-8-
Bere aurrean konturatu naiz
nere jakinduri motzez,
egia dana gaur aitortzeko
enaiz ni egongo lotsez.
Gizon azkarra eta umilla.
ezta konpormatzen itzez
berak idatzi dun liburu bat
dedikatu dit biotzez.
-9-
Liburua da, iñor bada-ta
gizonarentzat laguna,
galduak gaude nere ustetan,
ori galtzen dan eguna.
Zuri ordaña bialtzea zan
gaur nere eginkizuna,
baña nun daukat zuk idazteko
daukazun erreztasuna?
-10-
Ba-dakizu zuk zer gertatzen dan
orain Fagoaga, sarri,
len eskolara joan ezkeranok
gaude jakinduriz urri.
Zuri eskerrak eman naiean
orra amar bertso berri,
zuk ere zerbait izan dezazun
beti nere oroigarri.