Donostia'ko txoko batean
Matxain, Manuel
-1-
Donostia'ko txoko batean
juntatu gera sei lagun,
Jaunari esker, azer nolako
apetitua daukagun!
Sesiñ, odolki, aza berriak,
beste iru lakai babarrun,
Geienak janda, Joxe Martiñ'ei
ez du askorik ezagun.
-2-
Alde batean iru plakoak,
bestetikan iru lorik,
Jan kontu ortan ez dago, noski,
igarrak bezelakorik.
Joxe Martiñ au txit aparta da,
ez dago orrelakorik!
Jainkoa lagun etxean artu
olako apopillorik
-3-
Aiñ arrituta utziak ditu
txoko ontako jendiak,
Berak bakarrik janak baititu
ateratako erdiak.
Tripa aundirik ez dauka baña
nunbait or ditu gordiak,
Zer komeriak izango ditun
ari artzen dun andriak.
-4-
Danen ondoren eskatu digu
kafia ta frantzes kopa,
Bere buruari gauza txarrik
beñere ez dio opa.
Berak dionez oraindik ere
erdi goseak dago-ta,
Aztutzearren dantzan asi da
maian gañera igota.
-5-
Batzuk ez dakit zer apetitu
arraio izaten duten,
Joxe Martiñ'i gaxotuta ere
ez omen zaiola joaten.
Kontuk atera soldautzan ori
nola asiko zan jaten,
Amabost egun pasa baño len
etxera bialdu zuten.
-6-
Geroztik berak artu omen zun
jale gogorraren fama,
Naiz lenagotik arruinatuta
eduki aita ta ama.
Berak dionez gazte denbora
gose batean darama,
Amaika «zerrak» artuko luke
orretxen daukan entrama.
-7-
Ortzak ederrak dauzkala esanda
ez det esango gezurrik,
Iñor ez dago orrek bezela
garbitzen dunik ezurrik.
Besterik ezta pasatzen bada
jornalarekin bakarrik,
Berak ez dauka estomagua
perforatzeko beldurrik.
-8-
Azer laguna ekarri degun
gurekin ostaturaño,
Jaten zuala aitzera banun
bañan ez ainbesteraño.
Eltze aundi bat babarrun janik
txit betea puntaraño,
Lau txerri azten errezago da
tripa ori betetzen baño.