Allenderen alargun eta Txileri
Matxain
I
Zuen errian zer gertatu den
nik emen jakindakuan
bertso batzuek jartzeko luma
laster artu det eskuan.
Zure biotza gaur egongo da
penakin ia lertuan.
Gurutzetxo bat guztiontzako
bada gabiltzan lekuan.
Pazientzian eraman zazu
Jesusen izen santuan.
II
Zuk motiboak badituzu bai
triste egoteko aiña,
gizona il da Txileri berriz
moztu diote mingaiña.
Gero santutzat beren buruak
jo dituzte alajaiña.
Gezurra dana egi biurtu
naiean dabiltza baiña,
denboraz, noski, izango dute
merezi duten ordaiña.
III
Txiletarraren naia izan da
oso denbora guztiko,
nik banakien kapitalistak
etziotela utziko.
Auek ez dute langillearen
aide legerik jarriko,
baiña badakit ez dezutela
iñola ere etsiko,
bestela beintzat galdu zerate
zeon bizitza guztiko.
IV
Agintari bat langillearen
alde emen jartzen bada
berealaxe izango ditu
berak amar milla traba.
Allende jauna zerbait asi zan
baiña etzioten laga.
Txuri ta gorri, ori ta beltza,
laikoa edo kristaua
bi dituanai bat emateko
alperrik esatea da.
V
Allende jauna langillearen
aide jarri zan orduan
berealaxe tratatu zuten
pixti tzar baten moduan.
Jesus maitea, ark zure itzak
eduki zitun goguan,
zuzentasuna ta jostizia
izan zitezen munduan,
bi zituanak bat emateko
zerorrek osan zenduan.
VI
Asmo on oiek Allende jaunak
artu zituan gazterik,
langillearen joan etorriak
ez diralako uskerik.
Mundu guztian neretzat etzan
gaur agintari oberik,
bere izenak ez du merezi
gorantza gabe uzterik,
etzualako lurrean egin
Kriston esana besterik.
VII
Txile aldean zer gertatu dan
guk ez jakinarren klaro
zerbait gogorra izandu dala
oso sinistuta nago.
Ezker jendea artua dute
iñoiz baiño okerrago.
Talde ortatik ia geiena
giltzaperatua dago.
Len erdipuerdi baldin bazeuden
orain askoz okerrago.
VIII
Ur zikiñean pozez ibiltzen
zaizkigu arrantzaleak,
naiz langilleen odolarekin
berriro busti kaleak.
An ez dituzte irakurriko
nik jarritako aleak.
baiña alere jakin bezate
bertako indar-zaleak,
aizea ereiten duenak biltzen
ditula denboraleak.
IX
Petxua jo ta damu det Jauna
esanarekin bakarrik
seguru egon ez da zuzentzen
guk egindako okerrik.
Beste munduan ez dute artzen
urrerik eta zillarrik,
Kriston aurrean ez dutelako
arrokeriek, indarrik.
Lagun urkoa maite ez badu
beste guztiak alperrik.
X
Txile maitea, laguntzen dizut
nik eramaten lutua,
baiña berriro aurki joko du
askatasunen tutua,
naiz zu gaur egon beso ta anka
soka gogorrez lotua.
Mundu guztia zorionean
daukazu konturatua
il diran oien odolak ziur
emango dula frutua.