Ala izan dedilla
Matxain
-I-
Berriro ere zugana nator
nere erri euskalduna,
eta lenengo opa dizut nik
pakea ta osasuna;
orixe baita nere ustetan
guziok bear deguna,
bear dezela igarotzeko
langillearen eguna.
-II-
Nere bertsoak dijoazte gaur
borondaterik onenez,
ideagatik supritzen dauden
gure anaien omenez;
batzuk euskeraz mintzatzen dira
beato batzuk katalanez,
guzientzako agur sutsu bat
naiz emengoak izan ez.
-III-
Gizon askoren aurrean beti
kendu izan det txapela,
dakidalako ori ta geio
iñoiz merezi dutela;
langillearen alde borrokan
topatu dute kartzela,
orain berrogei urte guk ere
izan genduan bezela.
-IV-
Lege gogorrak ipini ziran
guretzat garai batean,
ta aien mende egondu gera
ia berrogei urtean;
txakurra era iñoiz lotuta
egoten bada katean,
ortza zorrotzak azaltzen ditu
aldamenera joatean.
-V-
Alkar maitatuz bizi zaitezte
dio Kristoren dotriñak,
danok bai gera orain edo len
zedozertan utsegiñak;
ez gaitezela beti ibili
gizon gazte ta gordiñak,
txakurren gisa datorrenari
erakutsiaz agiñak.
-VI-
Pakean beti bizi gaitezen
morroia ta nagusia,
asarretzea beti izan da
oso gauza itsusia;
gorrototikan etortzen zaigu
alkar ezin ikusia,
ondorenean beti seguru
gorra ta ezin bizia.
-VII-
Gaur badirudi egun biurtzen
asi ote zaigun gaba,
egun suetan ikusten danez
zerbait aldakuntza bada;
demokrazien billa dabiltza
orain Areilza ta Fraga,
idazten beintzat orain ez dago
lenego ainbeste traba.
-VIII-
Amnistia da gure erriak
daukan amets nagusia,
aundia baita famili batzuk
daramaten gurutzia;
denboraz noski izango al da
Erregearen grazia,
etxeratzeko berak nai badu
kulpik ez duen guzia.