Aita Llano, zuk, aratikulu bat
Matxain, Manuel
-1-
Aita Llano, zuk, artikulu bat
idatzi dezu lenguan,
«Zeruko Argia'n» etorri da-ta,
pozik irakurri nuan.
«Txe Gebara'ren» berri egoki
bertan ematen zenduan,
esanaz: berak zer ikasbide
guziontzat eman duan.
-2-
Lenengo aitak Jaunaren aurka
altxa ziran egunetik,
agindu zuan danok ogia
jango gendula lanetik.
Orretarako ipiñi zuan
aukera ederra danetik,
Adan da Eba Paradisoan
jarri zituan unetik.
-3-
Eguneroko ogian truke
ipiñi bazuan lana,
orain arte nik ondo bete det
berak agindu zuana.
Aurrera ere saiatuko naiz
egiten bere esana,
naiz ta gaizkien ikusi beti
geien egiten duana.
-4-
Kristo mundura etorri zala
ba-dira bi milla urte,
beñere baño okerrago gaur
gaudela esango nuke.
Langille askok irabazia
beren izerdien truke,
beste batzuek litxarkerian
geiena gastatzen dute.
-5-
Batzuek beti ler egiten da,
beste batzuk guri-guri,
mundu eder au aberatsentzat
egiña dala dirudi.
Injustizien aurka norbaitek
ematen badu arpegi,
«Komunistaren» izenarekin
bataiatzen dute ori.
-6-
Anaitasuna nola ari dan
mundu onetan urritzen,
Aita Santua apuratzea
ez naiz batere arritzen.
Batzuk igeri geiegian da,
besteak goseak iltzen,
Jesukristo'ren dotriñak eztu
orrelakorik agintzen.
-7-
Ordua da-ta, beldurrik gabe
egia esan bear du,
Kristautasuna geronen kulpaz
ez ote dan asko galdu?
Rusia'n ere komunismorik
etzan oraindik azaldu,
gizonak ditun eskubideak
ezpazituzten zapaldu.
-8-
Nagusi batek bere txakurra
erdi goseak badauka,
tripa pixka bat bete artean
gogor egiten du saunka.
Janaren partez makil batekin
ematen badio, «kanka»,
erruki det nik berak lenengo
arrapatzen duan anka.
-9-
Txakurren gisa gizona ere,
makillaz ibiltzen bada,
seguru egon joko duala
berak nora edo ara.
Pertsona eztago ixiltzerikan
animalien erara,
orretxen aurka altxata il da
Amerika'n «Txe Gebara».
-10-
Utzi zituan bere guraso
diruak eta karrera,
beartsuaren eskubideak
atera nairik aurrera.
Lagun txar batek galdua baitu
Judas'ek Kristo'n antzera,
amabi tiro artuta gero
or sartu dute lurpera.
-11-
Batzuek ori oso gustora
etzuten ikusten baña,
lagun urkoa nork maite zuan
arek maite zuan aña?
Bere eriotzak utzia digu
gaur ikasbide bikaña,
zoritxarrean, au da munduak
ematen duan ordaña.
-12-
Komodidade danak utzita,
ortxe, mendi tontorrean,
ibili zera urte batzutan
oso modu gogorrean.
Lagun urkoa maitatzea da
gauzik onena lurrean,
azken orduan lasai jartzeko
Jaungoikoaren aurrean!