inprimatu
Jaungoikuak estutu, bai, bañan ito ez
Izenburua:
Jaungoikuak estutu, bai, bañan ito ez
Sinadura:
Aldabe, Joakin
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aldabe, Joakin

Argitalpena:
El Bidasoa.
Urtea:
1961
Argitalpenaren urtea:
17
Alea:
821.zk.
Orrialdea:
[10]

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Jaungoikuak estutu, bai, bañan ito ez

 

Aldave, Joaquin

 

 Aspalditxotik legortia ditut

 lerru luze idatziyak.

 Beste aldera biyurtutzeko

 dauzkat itza ikasiyak.

 Nola aundiya izan badaere,

 lixatu itun lokarriyak...,

 ta nola Apilla zoragarriyak

 bota dizkigun euriyak.

 

 Apirill illak badaki ongi

 ustutzen eurik millaka,

 ta danen arten bete bakarrik

 ontzi txiki edo barrika.

 Aurten azkarki egiñ du euriya

 grazi onez t'usubillka.

 Lur aldek danai emana dauka

 eziñ obia besarka.

 

 ¡Nola bixitu diran bereala

 landariak baratzetan!

 ¡Nola itsatsi zaizkigun lorek

 ainbat arbol adarretan!

 Aurtengo urtian izango degu

 ederrikan emaitzetan.

 Ez da entzungo manyataretan

 gose bildur marrurikan.

 

 Euriya ondoren gure eguzkik

 dis-dis egiten du argi.

 Uda-Berriko aize legunak

 lurrak ballakatzen daki.

 Oraintxe apañez jantzi ta daude

 elorri lore ta sasi.

 Sasi barruan gordian daude

 ainbat txoriyaren kabi.

 

 Euri, aizia t'eguzki argiyak

 nastuta irutasunian,

 osatzen dute guzti-guztiya

 beren betetasunian.

 Jaungoikuen naya agertzen zaigu

 zabalduta lur gañian.

 Gordedezagun Beraganako

 naitasuna biyotsian.

 

 Aurtengo loria ikusgarriya

 izan da frutu arboletan.

 Promesa ona artuak gaude.

 sartu zaigu begitikan.

 Iraun dezala grazi onian

 bota gabe arririkan.

 T'ez deila arrotu aurtengo udaran

 ego aize erorutan.

 

 Estutu gaitu legortiarekiñ

 mereziya gendulako.

 Biar bada otza t'esker gabiak

 Beretzat gu geralako.

 Egiñ dezagun otoitz apala

 gure alde jokatzeko.

 Aita on bat da, t'ez dago, noski,

 gorrotuz gu itotzeko.

 


inprimatu