Berriz gurekiñ
Aldabe, Joakin
«KARMEL» izenez aldizkaria
ezautua gendun lendikan.
Urte zerrendan egona degu
ixillik ta gorderikan.
Arrats luzian iraun ondoren
argi izpi gaberikan,
berriz biztuta atera zaigu;
ona zabaldu nairikan.
«ONGI ETORRI» bero bat danak
biotzez ematen diogu;
ta bere alde oraiñ ta beti
nai aundi bat izan degu.
KARMEL menditik ixuri zala
esne ta eztia gaiñezka,
urrutiratuaz gure artetik
ez biar guztiaren kezka.
Pozez beterik gure begiak,
zer gauz on letu badute!
Idazlari ta olerkariak,
danak agertu zaitezte.
Anaitasuna urratu gabe
jaun beti zuek lanian;
Karmen'go Ama maite maitiak
ar gaitzala babesian.
Jakiñ gaietik agor gabeko
garbi degun Iturriak,
zabal ditzala kristau artian
mamia duten egiak.
Onura aundiko idaz lanetan
egiñ beti aintziñera.
Zabal argia, EGI BAKARRA
ludi illun onetara.