Aita zana marinela zen ta bizioa ezarri
Lizaso, Sebastian
1
Aita zana re marinela zen ta bizioa ezarri
Lehenak eta orainak nola dakarren hainbat lokarri
Gaztetan nigan sentitzen nintzen itxasoaren egarri
Ontzi batean lehen ere musu eman genion elkarri
Hura joan zen eta geroztik nabil estu eta larri
Neretzat ere urteak pasa ohean nago elbarri
Olatu hots horiek dirade neretzako bizigarri.
2
Nahiz marinelak jarri ez izan merezi hainbeste gradu
Lagun zirenei orain ohetik zerbait nabi diet bialdu
Zoritxarrean gauzak estu ta langabezia ugaldu
Baina halare nere lagunak itxaropenik ez galdu
Geroa ere bistan dago ta naiz etorkizuna zaildu
Segi horretan ofizioari al degun bezala heldu
Arrai freskoa lasai ekarri orduan al bada saldu
Lurrean ere zerjanik ez da urak ematen ez badu.
3
Hamaika ordu urean pasa eguzkitik ilargira
Gauean ere polita bait da itxasoaren dizdira
Ez dakienak zail da jakiten han ohi degun ikusmira
Ni hemen baina nere lagunak oraindik han ari dira
Aitona zartu egonagatik batere ez zait kupida
Oroitutzen zait lehen egindako horrenbeste tirabira
Egunen baten irtetzen banaiz ni etxeko atarira
Azken arnasa eman nahi nuke itxasoari begira.