Jose Artetxe'ri
Albizu, Gillermo
-1-
Lengo asteko «Zeruko Argia»
ikusi, ta, al zan azkarren,
izen-buruta begiratu nun
ia zer ote zetorren.
«Gure Utsak» zeukan uraxe
irakurriaz lenbait'len,
kristau zintzo ta liburu-egille
goienekoa izanarren,
Artetxe idazle maixu aundian
garrazkeri bat zekarren.
-2-
Gizona bero jarri zan nunbait
oso asarrez beteta,
onera zaitez, eta etzazu
oinbeste beztu kopeta.
Zenbat sendiko puska aldatu
zaizkitzu Ameriketa?
beren lanera; ibili gabe
batzuk ainbat berriketa,
barkatu, baña gogortxoa da
egin dezun idazketa.
-3-
Robert Kennedy'n berri itunak
ni goibel utzi ninduan,
baita zuk ere, Artetxe maite,
kolpea artuko zenduan.
Uste gabeko estrapozoak
noiz nai dauzkagu munduan;
adiskiderik aundiña uste-ta
etsaia askotan onduan,
gu euskaldunok joko irrikiz
Jaunak oretu ginduan.
-4-
Ez det pentsatzen bertso sorta onek
naigabetuko zaitunik,
mintzeagatik ezpaidizut gaur
ipiñiko itz astunik
Pake-zale naiz eta asarrea
ez nuke naiko piztu nik,
baña bai azkar apustu egin
munduko gizon prestunik,
oraindik iñor eztala izan
ezer akatsik eztunik.
-5-
Aitortuko det iñoren miñak
asko kupitzen nautela,
eta zer esanik ez Kennedy
ikusteaz ill zutela.
Geigo entzunik, guretarrak an,
gogozkoa etzutela;
bai eta ere beste gauz batez
poz aundia artu detela,
jakiteakin apustu-zale
purrukatuak daudela.
-6-
Jainkoak daki noiztik datorren
norgeiagokaren leia,
Adan da Eba'ren semetan batek
argatik ill zun anaia.
Euskaldun biotz garbitan ezta
sortu oi olako naia;
iñorentzako inbiri gabe,
norbera dunakin saia,
daukan guzia ematean bat
gelditzen baita lasaia.
-7-
Gurasotatik badatorkio
arrazan odol garbia,
jaio orduko nabari zaio
ibili jostalaria.
Ori txiki dan arte, ta gero,
eltzean aundi garaia,
beregan nagusitzen ezpada
geiegi arrokeria,
euskaldun kasta beti izan da
pakezko burrukaria.
-8-
Utsik txikiñik eztu neretzat
euskal jolasen goguak,
zenbat da geio dakiten oiek
baitituzte maiteguak.
Kolkuan daude Amerikako
Ipar, Erdi, ta Eguak,
eta ezpañetan gure izkuntza
an, Gobernuko buruak,
muñ egitera jungo nintzake
baldin banitu eguak.
-9-
Artetxe, nere esan guziei
zuk errez antza emango,
buru-austen zu jarritzekotan
itzik ez nuen esango.
Guzia ondo artzen degunik
ez gera iñor izango,
ordea euskaldun dana euskaldun,
bai ango ta bai emengo,
lur ontan danok anaiak baña
odolekoak lenengo.