Txomin Garmendiari bere omenaldi egunean
Lazkano, Imanol
Hauxen da bururapena
nere lagunari,
bakarrik puntuetan
behar dala ari,
txarrik ez diot jarriko
nere buruari,
horrela edozein izan
leike bertsolari
Eta mintzatu beharra
dadukat Txominez,
lagun zaharrari egingo
diot atseginez,
ez dezu zorrik egiten
omen hau egunez;
horrenbeste merezi
baitzenun gutxinez.
Herriak gogoan dauka,
egin lana,
hargatik pozik bildu
gera zuregana,
denak eskeini nahi dute
besarkada bana,
halaere gutxigi da
egiten dan dana.
Baina apur hau eskeintzen
zaizu borondatez,
lan onik egin baitezu
bertsoen bitartez,
Herria zurekin dago
ta alaitu zaitez,
omen hau egiten degu
eztaiaren partez.
Eztai kontuan baitzegon
etorkizun beltza,
baina badu arrazoia
ta nahiko defentsa,
alde batetik bertsoak
eta alkatetza,
asti gehiegi duenik
ez zazute pentsa.
Ia bost urte baditu
herrian agintzen,
bigarren aldiz ez dute
edozein ipintzen,
oso ustel dabilenik
ez zait iruditzen,
ezkontzea ahaztu ta
herria serbitzen.
Nonbait hau da Berrobiren
neurrira egina,
herri guztiak ez dute
suerte berdina,
edozertarako ere
gizon atsegina,
honek du gure tartean
gradurik haundina.
Parrandero fama ere
piska bat badauka,
zakur honek goiz aldera
egin ohi du zaunka,
Txirritak bezelaxe
beti erresaka,
eta ez da etxera
joango presaka.
Beti bada txinparta
Txominen labean,
zer litzake Berrobi
gizon hau gauean,
erri bat ezin serbitu
itxura hobean,
alkate egunez eta
sereno gauean.
Non nahi badu lagun ona
ta non nahi andria,
hori da gizonaren
abilidadia,
nahi dun eran jokatzeko
badu edadia,
zorionak lagunzaharra
agur Garmendia.
|