Ezkontzera doan dama bati
Lazkano, Imanol
Esango nizkitzuke
pozik iru egi;
nere kontsejurikan
nai bazenu segi.
Maitemiñak berekin
ditu bi arpegi.
Bat ikusita ez zaitez
itsutu geiegi.
Ezin diteken gauzik
etzazu amestu.
Sofritze kontu ori
ezkontzak berez du.
Ikusitzeko zaude
ainbat ordu estu;
irriparra zaildu ta
negarra erreztu.
Zure maitemiñetan
zaude itsu-itsu;
asko ikusi ditut
nik zure berdintsu.
Urtean bat ekarri,
sei bat aur mukitsu...
irripar gozo oiek
aztuko zaizkitzu.
Emakumea dela
etxeko jardiña;
gizonaren azia
ereiteko egiña.
Orduan da gozoa
eta atsegiña...
Baiñan ondorioa
ez da gauz berdiña.
Gauza gogorra dela
ama izatia.
Burutik kendu gabe
ibili zaitia.
Eten da kendutzea
soiñari zatia,
ez pentsatu danikan
itzez esatia.
Zure aurrei gozatuz
milla atsekabe,
izango zera etxeko
maitasunen labe.
Bai egin ere «ama»
izenaren jabe.
Baiñan ez dezu lortuko
sufrimentu gabe.
Gaur zera landare bat,
apain eta egokia;
ta biar samin danen
atseden tokia.
Perla garestia ta
ordaiña merkia,
olaxe eskertzen da
amaren nekia.
Ama bait da maitasun
sustraia ta zaiña,
maitaleei zor zaie
maitasun ordaiña.
Ama maite degunak
asko gera baiña
inork maite ote du
merezi dun aiña?!
Jakin zazu bizitza
gogor ta latz dana,
baiñan ez dizut kendu nai
barrengo poz dana.
Zugandik sortutako
aur baten laztana
dezu munduko urrez
ordaintzen ez dana.
Gure gorputz au nola
ez dan illezkorra,
ondorenak sortzea
degu derriorra.
Arazoari eldu,
naiz izan gogorra...
Olaxe ordaintzen da
gurasoen zorra.
|