Mandazai baten bizitza ikusi
Lasarte
I
Mandazai baten bizitza ikusi
nuen nik gazte-antzetan,
amaika izerdi atera zuen
mendiko bide latzetan;
eguzki berotan bezelaxe
ekaitzaldi minkatzetan,
uda ta negu an ibilli zan
tabloitan da ikatzetan.
II
Bere manduak traillan artuta
goizean bostetarako
beti listo tabloitarako
edo ikazketarako;
egun luzea lan egiteko
ta gauak kezketarako,
ibillera ori zartuta baño
obe da gaztetarako.
III
Gauean amarrak amaiketan
bildu oi zan apaltzera,
gero lotara lasto tartera
gorputza deskantsatzera;
goizeko ordu bietan berriz
manduak gobernatzera,
gizagaixua an ibilli zan
esklabo baten antzera.
IV
Lau mando eta mula batekin
ibilli oi zan lanian,
pentsu gutxio ematen zion
asarratutzen zanian;
tabloiz lenbizi bera kargatu
eta ustu azkenian,
alare sasoi ederra mulak
ankak libre zeuzkanian.
V
Mula zar gaixto oiek badute
beti txarrerako griña,
golpe txarren bat emateko aski
deskuidorikan txikiña;
karga kentzian ibiltzen zuen
ostikua ta zikiña,
eskerrik asko mandazala zan
ondo itzegiten zekiña.
VI
Tabloiz beteta etortzen ziran
iru orduko bidean,
aiek kentzean mularen ankak
beti zebiltzan aidean;
euli gaixtuak kilimatutzen
zuten errape aldean,
kristaurik ezin ziteken jarri
atzean aren parean.
VII
Noizean beinka artuagatik
bizkarrekuak mardulak,
ajola gutxi aren gerriak,
ta ankak etziran aulak;
atze aldean errespetua
laister jartzen zuen mulak,
mandazaiari egiten zizkan
berak nai zituen burlak.
VIII
Euli gaiztuak zirikatzean
ark ankak zituen arin,
ipurtaldeko erretenian
ematen baitzioten min;
tabloiak bizkarretik kentzian
ondotik azkar aldegin,
bestela aren atze aldian
etzan izaten atsegin.
IX
Mula ori zan indartsu utsa,
billaua eta kaskarra,
ta mandazaia mutil eder bat,
librea eta azkarra;
saiets zion bizkarra,
atzean ura musika-otsa,
ostikua ta puzkarra!
X
Mandazai orrek mando onentzat
etzuen kariño gutxi,
baño etzuen mula askotan
ipur gañean igurtzi;
bizkarrekuak artuagatik
ark bere setari eutsi,
iñori obeditzia baño
naiago lepua autsi.
XI
Mula zar oiek eskutarako
ez dira bitxo ederrak,
salbaje batek egin lezazke
uste gabeko okerrak;
perratzalliak ere askotan
ikusten zitun senperrak,
nai bezin errez etziran josten
aren anketako perrak.
XII
Kendu ezkero bizkar-arbalda
ta muturreko lazuak,
alkarrentzako ere etziran
txukunak eta gozuak;
sentitutzean mando gaixtuen
irrintzi ta perrazuak,
jakiñekuak izaten dira
mandazaien errezuak.