inprimatu
Galerianoren kantuak
Izenburua:
Galerianoren kantuak
Sinadura:
Larralde Ithurbide, Martin (Bordaxuri)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Larralde Ithurbide, Martin

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1969
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1009.zk.
Orrialdea:
5

Galerianoren kantuak

 

Larralde Ithurbide, Martin (Bordaxuri)

 

 1

 

 Mila zortzi ehun'ta hamabortzgarrena,

 Ni Ahazparnen preso hartu nindutena;

 Plumagaineko premu orok dakitena,

 Galeretan higatu beharko naizena.

 

 2

 

 Kantatzera nihazu alegera gabe,

 Ez baitut probetxurik trixtaturik ere;

 Nehun deusik ebatsi, gizonik hil galbe,

 Sekulakotz galerak enetako dire.

 

 3

 

 Ala zorigaitzeko premu izaitea!

 Harrek eman baiteraut bethikotz kaltea;

 Aitari galdeginik sortzeko partea,

 Galeretan eman nau, hauxe duk dotea!

 

 4

 

 Ene aita da gizon kontsideratua,

 Semia galeretan du segurtatua;

 Nun nahi othoitzean belaunikatua,

 Saindu iduri debru madarikatua!

 

 5

 

 Ene lehen kusia, Cadet Bordaxuri,

 Fagore bat banuke galdatzeko zuri;

 Ongi adreza zaite ene arrebari,

 Ene saltzeko zonbat ukan duen sari?

 

 6

 

 Aita aitzinean'ta arreba ondoko,

 Osaba burjes hori diru fornitzeko;

 Ez ordian enetzat bi sei liberako,

 Galeretan bederen leher egiteko!

 

 7

 

 Elizan sartzen dire debozionerekin;

 Iduriz badohazila saindu guziekin;

 Beren liburu eta arrosarioekin,

 Debruak pesta onik einen du heiekin.

 

 8

 

 Zortzigarren bertsua aneiaren dako;

 Kontseilu bat banikek hiri emaiteko;

 Ontsa goberna hadi etzauk dolutuko,

 Ni baitan etsenplua errex duk hartzeko.

 

 9

 

 Zuri mintzo nitzaizu, oi, aita zilarra!

 Ardura dudalarik begian nigarra;

 Zure eta ene arraza Bordaxuritarra,

 Galeretan naizeno ni bainaiz bakarra.

 

 10

 

 Kantu hauk eman ditut Paube-ko hirian,

 Burdinez kargaturik oi! presondegian;

 Bai eta kopiatu denbora berian,

 Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.

 

 11

 

 Hok eman izan ditut ez xangrinatzeko;

 Ahide, adixkidek, kuraie hartzeko,

 Et apartikulazki, aita, zuretako,

 Kantu hok aditzean, semiaz orhoitzeko.


inprimatu