Lassalle jaun Kalonje zenari
J.P.
1
Begitartea argi ta kaskoa zuri,
Begiak hauts kolore bi perla iduri,
Zure sotana beltxa askitto bat tinki,
Zonbat aldiz ez zaitut xut-xuta miretsi!
2
Naturalezarekin beti eskuz-esku,
Jainko-nahia duzu ontsa konprenitu
«Goiz-alderat behar da norapeit harrotu,
Aratsa jin denean indarrak berritu!»
3
Kanpoan gau-ilhuna urratzen hastean,
Xoriak ttiunttaka goizik airatzean,
Jada jeikia zinen ohetik jauzian,
Zure ohe xaharra utziz ilhunpean...
4
Berinak zabaldu-ta goxatuz freskura,
Bazinauden ixtant bat errekari beha
Azken ile xurier eztiki torraka,
Zeruan zaudelarik izarrak keinuka.
5
Jainkoari emanez kartsuki bihotza,
Zoin amultsu zinduken orduan otoitza!
Zoin nasai, zoin jeneros goizeko eskaintza!
Gauza hoik nola kanta, ai jakin baneza!
6
Gero meza sainduan zoin atsegingarri
Zure musu eztiak aldare-gainari,
Gogoa othoitzean osoki igeri,
Juntatzen zinuela lurra zeruari.
7
Zerurako bidean lauzka hoberena,
Othoitzaren aldean ez othe-zen lana?
Othoitza, lurtiarrek egin oihu mina;
Lana, Jainko-xedeen oiharzun ozena...
8
Nola ez aipa hemen zure errabia,
Guri maitarazteko bertute garbia
Eto horrekin beti edozoin egia?
Kar horrek ez dautzuia iretsi bizia?
9
Gaixtakeri-bultetan, zure so bipila!
Nola ez zuen joiten mutiko ergela!
Azken hunek baitzuen, ai umil-umila,
Zalukara itotzen bere dei tzarpila.
10
Kechu zinen alditan zure boz azkarra
Bazabilan airean, -zer soinu idorra!
Jausten zen tarrapatan burutik behera!
Aitzakiak itzuliz aster zangoz gora...
11
Odola irakitan, zain hilak airean,
Dena mehatxu gogor, hats guzia sutan,
Larruko zimurdurak galdurik bet-betan...
Zendako zinen bada jartzen molde hortan?
12
Zure bihotz zabalak moldatu gazteak
Beti egonen dira kar beroz beteak:
Odolean sarturik zuk erran elheak
Ez ditu eremanen ixtant bat haizeak!
13
Zure barneko suaz gaitutzu berotu,
Biharamuner buruz aide bat bultatu:
Gure bihotz gaztetan barrastaka duzu
Gutizia zuhurren hazia botatu!
14
Herioak gelditu gorputz zimel hura
Goiz batez lerratu da kutxa batetara:
Zure anima aldiz eskapi zerura
Jaunaren Parabisu paregabekora.
15
Zure apez urhatsak handizki obratuz,
Gure gogo-bihotzak gaizkitik beiratuz,
Egun guziz gain hartan egoitza bat lantuz,
Ez da dudarik ere han zaudela kantuz.