inprimatu
Zertako ez gu?
Izenburua:
Zertako ez gu?
Sinadura:
J.H.
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
J.H

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1968
Argitalpenaren urtea:
Alea:
909.zk.
Orrialdea:
8

Zertako ez gu?

 

J.H.

 

 1

 

 Orotan neska eta mutiko

 joko beretan dabiltza:

 Dantzara airos doatzi eta

 bi begietan bihotza.

 Ahoz elgarri kasik hitzik ez,

 gogoan aldiz zer nahi:

 - Zertako ez hi?

 - Zertako ez ni?

 Funtserat-eta, zer mila debru!

 Zertako ez gu?

 

 2

 

 Dantzatik landa urruntzen dira

 jenden artetik birazka,

 Elgarri kontra herabe bainan

 halarik ere besarka.

 Elheak xuhur, bainan beroxko,

 beroxko bezain gezurti...

 - Zertako ez hi?

 - Zertako ez ni?

 Funtserat-eta, zer mila debru!

 Zertako ez gu?

 

 3

 

 Etxerakoan usteko dute

 zorionari daudela,

 Zorion hori lehen aldikotz

 heiek asmatu dutela.

 Eta, bihotza kartsu-kartsua,

 erraiten dute elgarri:

 - Zertako ez hi?

 - Zertako ez ni?

 Funtserat-eta, zer mila debru!

 Zertako ez gu?

 

 4

 

 Izanen dira jauntzi berritan

 beren herriko elizan,

 Bizi guziko senhar-emazte

 Jaunak benedika ditzan:

 Eta gazteak heieri beha

 ariko dira bekaizki:

 - Zertako ez hi?

 - Zertako ez ni?

 Funtserat-eta, zer mila debru!

 Zertako ez gu?


inprimatu